2009ko zuloa txikitzea lortu du, baina galerekin jarraitzen du Fafor Etxetresnak kooperatibak: 9,87 milioi euro galdu zituen iaz, 2009an galdutako 19,98 milioi euroren erdia. Horrela ikusita, albisteak ez dirudi hain txarra, baina aintzat hartu behar da 13 milioi euro irabazi zituela 2007an. 2008an, berriz, irabazietan sekulako jaitsiera izan zuen, 121.000 euroraino.
Irakurketa baikorra egin du, dena den, iazko emaitzez, hobetu egin dituelako plan estrategikoko helburuak. Plan estrategikoa berrikusi egin behar izan zuten 2009an, krisiaren eraginaren ondorioz.
Enpresak bidalitako oharrean ez du galeren berri eman. Efe agentziak, ordea, zehaztu egin du Mondragon taldeko kooperatibaren galera zenbatekoa izan den.
Fagorren salmentak 1.400 milioi eurokorenak izan dira, 2009koaren parekoa. Emaitza operatiboa, berriz, 19,3 milioi eurokoa izan da, 2009koaren bikoitza baino gehiago. Emaitza operatiboak jardueraren emaitza garbia ematen du, finantza gastuak eta zergak aintzat hartu gabe.
Fagor Etxetresnak pozik dago bere jarduera nagusian, lerro zurian (ikuzgailuak, ontzi garbigailuak, hozkailuak, labea...), hazkundea izan duelako. Hobekuntza «nabarmena» izan dela dio.
Neurriak
Hala ere, egoerari aurre egiteko neurriak hartzen ari dela eta aurrerantzean ere hartuko dituela esan du kooperatibak, «enpleguan ahalik eta eragin txikiena» izan dezaten. Kooperatiba izatea krisiari aurre egiteko abantaila dela dio. Orain arte, bazkideek soldatak murriztu dituzte, eta lansari bereziei uko egin diete.
Fagor Europako etxetresna elektrikoen bosgarren ekoizlea da. Merkatuaren %18,1 du Espainian eta Hego Euskal Herrian, %14,2 Frantzian eta Ipar Euskal Herrian, eta %8,9 Polonian. Espainian jardueraren jaitsiera %4,3koa izan da 2009tik, baina %45,5ekoa 2007tik.
Aurten salmentak %7,6 handitzea espero du Fagorrek. Produktu berriak garatzeko 46 milioi euro inbertituko ditu.
Fagor Etxetresnak taldeak ia hamar milioi euro galdu ditu
Galerak erdira gutxitzea lortu du, eta aurreikuspenak hobetu dituela nabarmendu du kooperatibak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu