Enplegua

FagorBrandtekoak, Nanterreko epaitegiak zer esango zain

Zuzendaritzarekin bilduko dira gaur langileak, egoeraren berri izateko. Nanterreko auzitegiak erabakia atzeratu dezake bihar.

Miren Garate.
2014ko martxoaren 26a
07:51
Entzun

Luze doa itxaronaldia FagorBrandteko langileentzat. Erlojua kontra dute, zenbat eta gehiago atzeratu epailearen erabakia, enpresaren egoera ekonomikoa are gehiago ari baita okertzen. Gaur egun, geldirik daude lau lantegiak. Alabaina, seinale ona izan daiteke Nanterreko Merkataritza arloko epaitegiak (Frantzia) laugarrenez atzeratzea FagorBrandti buruzko erabakia. Izan ere, marken gaineko akordiorik ezean, enpresa likidatzea da beste aukera.

Asko konplikatu ditu gauzak Pedro Malagonek, Fagor Etxetresnen likidazioa kudeatzen ari den epaileak, martxo erdian emandako ebazpenak. Esan zuen  Cevital taldeak Frantziako markengatik egindako 25 milioi euroko eskaintza txikiegia zela, eta 35 milioi eskatu zituen. Talde aljeriarrak helegitea jarri zuen ebazpen horren kontra. Haren arabera, 25 milioiko eskaintza ere gehiegizkoa da hainbat adituren arabera, eta ez dago prest gehiago ordaintzeko. Hamabost eguneko epean espero du Malagonen erantzuna.

FagorBrandt ere likidaziora joaten bada, gauzak are gehiago konplikatuko direla diote langileek. Cevitalek egindako eskaintzak 1.800 lanpostutatik 1.200 bermatzen ditu Frantzian. Beldur dira, likidazio fasean eskaintza hori beste inork parekatuko ez ote duen. Frantziako komunikabideen arabera, apirilaren 4ra atzeratuko du Nanterreko epaitegiak ebazpena. Langileak zuzendaritzarekin bilduko dira gaur, azken berrien berri izateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.