FAGOR

Fagorrek Edesako langileei jakinarazi die hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela Basauriko planta ere

Fagor Etxetresnetako Kontseilu Errektorea batzartu da goizean, Edesaren geroaz eztabaidatzeko. Arratsaldean, Jose Luis Bilbaorekin batzartu da Sergio Treviño Fagor Etxetresnetako zuzendaria, eta Basauriko plantako langileekin gero.

2013ko azaroaren 8a
18:54
Entzun

Edesari hiru milioi euroko bermea ematea proposatu zuen herenegun Bizkaiko ahaldun nagusi Jose Luis Bilbaok, eta aukera hori aztertzen aritu da goizetik Fagor Etxetresnetako Kontseilu Errektorea. Proposamena onartuz gero, hartzekodunen konkurtso aurreko egoeratik atera zitekeen Basauriko filiala.

Sergio Treviño Bilbaorekin batzartu da aurrena, eta Edesako langileekin egin du bilera gero. 15:00etan hasi du beharginekin bilera, eta, Europa Press agentziak jakinarazi duenez, langileei jakinarazi die Basauriko planta ez dela bideragarria bere kabuz, eta hura ere hartzekodunen konkurtsoan sartuko dela, Fagor Etxetresnetako egitura osoarekin batera. Edesako beharginek Basauriko plantan jarraitzen dute itxialdian.

Halaber, kooperatibak baieztatu du ez duela gaur aurkeztuko hartzekodunen konkurtsoa, baina zehaztu du "epe laburrean" egingo duela.

Kontseilu Sozialaren oharra

Kontseilu Errektorea bilera egiten ari dela, ohar bat plazaratu du Fagor Etxetresnetako Kontseilu Sozialak. Adierazi du "bizirik" mantenduko duela "bai kooperatiba eta bai gainerako bazkideekin duen konpromisoa", eta lanean jarraituko duela "maila guztietan eta eskura dituen baliabide guztiekin".

Egungo egoeran Kontseilu Sozialak eta bazkideek duten erantzukizuna "bere gain" hartu du kontseilu horrek, baina, horrekin batera, ohartarazi du ez duela onartuko "ezerezean gera daitezela beste ardura batzuk ezta bazkideek zentzu horretan jaso dezaketen tratu desegokirik".

Kontseilu Sozialak eskerrak eman dizkie Mondragon Korporazioko gainontzeko kooperatibetako bazkideengandik "orain arte jasotako eta etorkizuneko laguntza eta solidaritatea" dela eta; "Denok hausnartu beharko genuke gertatutakoaren inguruan, eta lanean jarraitu mugimendu kooperatibista indartze aldera", erantsi du.

Azkenik, herritarrei eta erakunde publikoei dei egin diete "industria sektore eta enpleguarekin eta finantza sistemarekin erakutsitako adinako konpromisoa adieraz dezaten".

Confebask, "berdintasun" eske

Fagor Etxetresnen egoeraren harira, "atsekabea" adierazi du Confebaskek, baina erakundeei eskatu die "ardura, iraunkortasun eta berdintasun irizpideekin" jokatzeko. Neurriak hartzerakoan, egoera orokorra eta "industria osagarria eta subkontratazioaren osotasuna" aintzat hartzea galdegin die patronalak erakundeei.

Patronalari "funtsezkoa" iruditzen zaio erakundeek finantzaketa eta enplegua mesedetze aldera hartutako neurriek "bideragarritasun, legezkotasun" eta "krisi urteotan desagertu diren 8.000 enpresa proiektuekiko ez-bazterkeria irizpideak" jarraitzea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.