FAGOR

Fagorrek gogorarazi du zorraren aurrean bazkideen ondare pertsonala ez dagoela arriskuan

Bazkideen erantzukizuna "kapital sozialari egin dion ekarpenera" mugatzen da, kooperatibaren esanetan. Halaber, hozkailuen plantak itxi eta langileak birkokatzea proposatu du Fagor Etxetresnetako zuzendariak, eta gaineratu du kooperatibaren helburua jarduera "errentagarriei" eustea dela.

Fagor Etxetresnak kooperatibaren Itxieraren aurkako manifestazioaren amaiera, urriaren 18an. RAUL BOGAJO, ARP
2013ko urriaren 29a
11:16
Entzun

Enpresak jarduera "bizirik mantentzearen aldeko konpromisoa" azaldu du, ohar baten bidez. Engaiamendua adierazi du, baita ere, "eskualdeko enpleguarekin eta garapen iraunkorrarekin". "Negozio errentagarrien aldeko apustuari eutsiz eta berregituraketa prozesu sakonari helduz," lehiakortasuna areagotu nahi du horrela Fagorrek.

Egungo egoerari errepasoa egin dio kooperatibak: Fagor Etxetresnetako eta Edesako langileen %80 langabezia egoeran daude, eta martxan da horiek MCCko beste taldeetan birkokatzeko prozesua. Horiez gain, Frantziako Brandt eta Poloniako Fagor Mastercook-eko lantegiak geldirik daude, "kooperatibaren zuzendaritzak finantzazioa bilatzeko abian jarritako prozesuaren emaitzaren zain".

Halaber, aktibo mantentzen ditu marka guztien jarduera komertziala eta salmenta osteko zerbitzuak.

Treviñori elkarrizketa

ETB2n elkarrizketatu zuten atzo Sergio Treviño Fagor Etxetresnetako zuzendaria. Azaldu duenez, hartzekodunen lehiaketa aurreko fasetik irtetea eta hozkailuen plantak ixtea aurreikusten du bideragarritasun planak; planta horietako langileak, berriz, Mondragon Korporazioko beste kooperatibetan birkokatuko lituzkete, Treviñoren iritziz.

"Kooperatiba bat gara. Elkartasun mekanismo guztiak ditugu; besteak beste, langileak birkokatzea", azaldu du. Aitortu du "lan zaila" dela mila lagun inguru birkokatzea, baina erantsi du "egingarria" dela. Helburua Fagor Etxetresnek "existitzen jarraitzea" da, eta horretarako jarduera "errentagarriei" eutsiko diete.

Atzerriko lantokietan ere "berregituraketak" egiterakoan, "filosofia mota bera" ezarriko dute, Treviñoren hitzetan: "Errentagarritasunez ekoiztu ezin diren produktuak errentagarri egin edo beste ekoizpen jatorri batzuetara eraman beharko dira".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.