Carlos Treviño Fagor Etxetresnen zuzendariak ostiralean Edesako langileei jakinarazitakoa berretsi du Fagorreko Kontseilu Errektoreak Edesako lantegian orain minutu batzuk: Bizkaiko Diputazioak eskainitako hiru milioi euroko bermea ez dela nahikoa plantak bere kabuz aurrera egin dezan, eta Edesaren patua Fagorrekin batera erabakiko dela.
Konkurtsoa izango da geroa, aste heonetan bertan ikusiko denez. Konkurtso hori zorrak estali eta enpresa likidatzeko izango den (itxiera ez-ordenatua) edo zenbait zatirekin proiektu berri bat abiarazteko saioa egongo den (itxiera ordenatua) ez du argitu Fagorreko zuzendaritzak.
Ohar laburra igorri berri du hedabideetara Fagorrek: "Fagor Etxetresna Elektrikoak eta Edesaren egoerari buruzko azterketa zehatza egin ondoren, Fagor Etxetresna Elektrikoetako eta Edesako kontseilu errektoreak ondorengoa erabaki du: Bizkaiko Foru Aldundiak proposaturiko laguntzetara ez biltzea, hauek bere kabuz ez dutelako bermatzen Edesa eta bertan ekoizten diren termo elektriko eta intermetagailuen plantaren bideragarritasuna. Era berean, eskertu nahi du Fagor Etxetresna Elektrikoakek Basaurin duen jarduera industriala eta enplegua babesteko, Foru Aldundiak eskainitako laguntza".