Fagor Etxetresnetako ordezkariek Efe agentziari zehaztu diote oraindik ez dutela erabaki ea Edesa konkurtso aurreko egoeratik aterako duten edo ez. Aukera hori aztertzen ari dira. Hori bai, Eferi argitu diote Edesa ez dagoela "salbatuta".
"Edesa salbatu dugu", esan zien atzo Jose Luis Bilbao Bizkaiko diputatu nagusiak Edesako langileei, Basauriko lantegira iritsi bezain pronto. Bilbaok parte hartu zuen Fagor Etxetresnen etorkizunari buruz Gasteizen egindako bileran, Eusko Jaurlaritzako, Gipuzkoako eta Arabako aldundietako eta konkurtsoak kaltetutako herrietako alkateekin batera. Bilbaok iragarri zuen foru aldundiak hiru milioi euroko bermeak onartuko zituela, Edesak hornitzaileei ordaintzeko, lantegiak lanean jarraitzeko eta denbora izateko bideragarritasun plan bat egiteko. Hiru milioi euroko bermeak, Bilbaoren esanetan, Edesa Fagor Etxetresnen konkurtso aurreko egoeratik aterako luke.
Bilbaok atzoko bileran egin zuen hiru milioi euroko bermea aurkezteko proposamena. Bileran parte hartu zuten ordezkariak harritu egin zituen: "Eta nik dirua jartzen badut Basaurirako? Salbatuko litzateke?", galdetu zien Mondragoneko eta Fagor Etxetresnetako arduradunei. Bilbaok hitzezko akordioa egin zuen Carlos Trebiño Fagorreko zuzendariarekin, Edesa konkurtsotik kanpo uzteko.
Fagor Etxetresnek bihar konkurtsora joko zutela aurreratu zuen Martin Garitano Gipuzkoako diputatu nagusiak bilera bukatu ondoren. Kooperatibako iturriek, ordea, Goienari esan diote ez duela bihar joko, datozen egunetan baizik. Aurrena CNMV Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeari jakinarazi behar dio; gero konkurtsora jo duela jakinaraziko du.
Fagorreko bazkideen birkokatzeak "behin-behinekoak edo behin betikoak" izango dira. Bizpahiru hileko epean 1.000-1.200 langile ingururentzat irtenbidea izatea espero du Mondragon Korporazioak. Behargin kopuru horiei birkokapenen eta aurretiko erretiroen bidez eman nahi die soluzio bat kooperatibak, eta birkokatze horien inguruan azaldu du "behin-behinekoak edo behin etikoak" izango direla. Efe berri agentziak Mondragoneko iturriak aipatuz jakinarazi duenez, kooperatibako enplegu bulegoak lanean dihardu birkokatze horiek "lehenbailehen" gauzatu daitezen.
Mondragonek ez du zehaztu Fagor Etxetresnetako 1.800 bazkide ingurutik zenbatek izango duten aurretiko erretiroa eta zenbat birkokatuko ditutzten, ez baitute "aukera faltsurik" eman nahi. Edonola ere, azaldu du birkokatze guztiak ez direla behin betikoak izango.
Esaterako, kooperatibako enpresetako batek bizpahiru hilabeterako langile bat behar badu, bazkide batek beteko du lanpostu hori: "Soluzio batzuk behin-behinekoak izango dira, beste batzuk luzaroagokoak, eta beste batzuk behin-betikoak".