Fagor Etxetresnak kooperatibaren geroa "egun gutxi barru" ezagutuko da, eta ez lau hilabete barru. Espainiako konkurtso legearen aurrekoak epe hori eskaintzen duen arren, Arrasateko kooperatibak ez du aukerarik izango asti hori guztia agortzeko. Frantzian ez dago halako atariko eperik konkurtso legera jo aurretik, eta Fagorrek lau lantegi ditu han, Orleans, Vendome, Aizenay eta La Roche hirietan. Hango jarduerak edo jarduerarik ezak Fagorri buruzko erabakia aurreratuko du. Frantziako hartzekodunek konkurtso legea derrigortu dezakete luze gabe —ordainketak egiteari uzten zaien arabera—, eta hori ikusita Fagor Etxetrenesnen zuzendaritzak, Carlos Treviñok eta Xabier Bengoetxeak, berregituraketa plana diseinatu eta inbertitzaileak aurkitzeko bi asteko epea eman dio bere buruari. "Uste baino azkarrago jakingo da Fagorrekin zer gertatuko den", esan dio BERRIAri langile batek.
"Ahalik eta lanpostu gehienei" eusteko helburua ez da erraza izango, edonola ere. "Puzzle handi bat Fagor", dio langileak. Atzoko batzarretan zuzendaritzak bazkideei azaldu zien inbertitzaile bat aurkitzea "ezinbestekoa" dela aurrerra egiteko, beste modu bateko Fagor batekin izanda ere. Inbertitzaile bat aurkitzearen "miraria" gauzatzeko ahaleginak bete du zuzendaritzaren agenda azken egunetan. Hainbat aukera zabalik daudela azaldu zuten Bengoetxeak eta Treviñok, baina itxura batean Mondragon taldeko kooperatiba ikurrak Poloniako lantegi batean bazkide duen Txinako multinazional batean jarri du esperantza gehien. Lerro zurian munduko lidergoa du Haierrek, eta harekin ari dira hizketan.
Inbertitzailea topatzea puzzlearen pieza bat baino ez da, ordea. Jaurlaritzarekin ere harremanetan daude, Gasteizek ekarpena egin beharko bailuke berriro —maiatzean 40 milioi eurotik gora eman zizkion Fagorri—, ez laguntza zuzenak emanez, baina bai beste modu batera. Espainiako Industria Ministerioak ere lagundu beharko luke plan estrategiko berri bat onartuko balitz egun gutxi barru. Eta osagai horiek guztiek bat egingo balute ere, Fagor Etxetresna berriak ez luke orain artekoarekin antz handirik izango.
Hala Lakuako iturriek nola Mondragon taldekoek aurreratu dute enpresaren atal bideragarrienak izango direla berregituraketaren oinarria. Etxetresna txikiak eta sukaldeko lerroa dira negoziorako bidea eman dezaketenak, merkatu globalizatuan ez itotzeko aukera luketenak. Hozkailuak, garbigailuak eta ontzi garbigailuen ekoizpenak ez luke lekurik Euskal Herrian. Beharbada, lan kostu txikiagoak dituzten herrialdeetan aurerra egingo luke Fagorrek jarduera horrekin, maila batean bederen.
Langileak jakitun dira egoera "oso larria" dela haientzat. Astelehenetik langabezian izango dira, gaur bertan taldeko azken lantegia (Eskoriatza) itxi ondoren. Bazkideen kezka ez da soilik enpleguaren galerak eragiten duena, kooperatibaren zorrarekiko daukaten ardurak ere "izugarri" aztoratzen baititu. Azken orduetan informazio ugari eman dira bazkideek hartzekodunen zorra ordaintzeko orduan zein mailatan galduko lituzketen euren ondasunak. Kooperatibari egindako jatorrizko ekarpena eta kapital horrek sortutako aberaztasuna bazkide bakoitzaren liburuxkan —erretiroa hartzean kooperatibistek ateratzen duten dirua— galduko lukete zorra ordaintzeko. Dena galduko lukete ekarpenen kopurua zorraren zuloa estaltzeko iritsiko ez balitz. Eta bestelako ondasunak? "Inork ez digu erabat konfirmatu ez direla ukituko", dio Arrasateko kooperatibista batek. Zaila ematen du sutea bazkideen ekarpenekin ez amatatzea, baina "enpresaren kudeaketa okerra frogatuko balitz", dio bazkideak, "nork segurtatzen du hori ezin dela gertatu?".
Kezka eta atsekabea handiak dira, beraz, Arrasaten eta eskualde osoan, eta minutu gutxi barru abiatuko den manifestazio isilaren giroan islatuko da seguruenera. 12:00etan, San Andres lantegitik aterako da lanpostuei eusteko eskatuko duen martxa. Isiltasunean joango dira langileak, haien senitartekoak eta langunak, eta herritarrak oro har.