FagorBrandten geroaren atea irekitzeko bultzada garrantzitsua eman du Frantziako Gobernuak 10 milioi euroko ziztadaren bidez. Arrasateko kooperatibaren Frantziako filialak beste 14 milioi euroko maileguak jaso ditu azken egunetan hainbat bankurekin egindako akordioei esker, eta Orleanseko lantegia zabaltzeko zorian egon daiteke Parisek dioenez. «Orleanseko plantaren jarduerari berriro ekiteko balioko du diruak», esan du Industria Ministerioak ohar baten bidez.
Azaroaren zazpiaz geroztik konkurtsoan dago FagorBrandt, eta haren kudeaketa hartu duen administraile judizialak erabaki du Brandten lerro batzuk ireki daitezkeela. Frantziako Gobernuak FDES Gizarte eta Ekonomia Garapenerako Funtsa sortu zuen hilaren 13an, 300 milioi euroko poltsa ekonomia berpizteko, eta hortik atera da orain hamar milioi euroko ziztada.
Markak, Irelanden esku
Guztira 24 milioi lortu ditu FagorBrandteko administratzaileak enpresaren zati baten bideragarritasuna lantzeko. Hura inbertitzaile baten bidez gauzatu beharko da, ordea. Lehen baldintza, dena den, plantak martxan jartzea da, Parisen arabera. Brandt erosteko hautagai «serioak» badirela dio Hollanderen exekutiboak; «orain gauzatu egin behar dira proiektuak».
Aukera horri bizirik eusteko Euskal Herriko «agintariekin harremanetan» daudela ere erantsi du. Ez alferrik, Fagor eta Brandten markak Fagor Irelandenak dira, eta haren konkurtsoa Pedro Malagon Donostiako Gizarte arloko epaitegian dago. Fagor Ireland zabalik nahi du Parisek, markarik gabe Frantziako jarduerak ez lukeelako abagunerik aurrera egiteko.