«Irizarrek aberastasuna eta enplegua sortzen du». Ormaiztegiko kooperatibako zuzendari nagusi Jose Manuel Orcasitasek ozen esan zuen atzo Madrilen. Hiri barruan ibiltzeko i3 autobus berria plazaratu zuen Nazioarteko Autobus Azokan, eta, multinazionalaren irudi korporatibo berria erakustearekin batera, datuekin lagundu zuen bere baieztapena. Irizar krisiaren unerik latzenari aurre egiten ari zaio, eta nazioartean dituen plantei esker batik bat, aurreko urteko zenbakietan da. Aurten, 500 milioi eurotik gorako fakturazioa izango du (520 milioi); iaz, 503 milioikoa izan zen. Nazioartekotzea eta dibertsifikazioa dira gakoak. Irizar Brasil eta Irizar Mexiko «oso ongi doaz», eta taldearen kopuruei eusteko ezinbesteko ekarpena egiten ari dira.
Ormaiztegiko autobusgileak zerbitzu integrala eskaintzen du 2011z geroztik. i3 modelo berriak, PB, i4 eta i6 modeloen eskaintza osatuko du. «Gure enpresak bere lekua aurkitu du atzerrian. Kanpoko hazkundeak ekarri du gure fakturazioan gero eta garrantzi handiagoa izatea, eta gure inguruko plantetan enplegua sortu ahal izatea». Orcasitasek esan zuenez, Ormaiztegin 715 pertsona ari dira lanean, eta Creatio Ikerketa+Garapena+Berrikuntza atal berriari esker, lanpostu gehiago sortzen ari dira, «oso kualifikazio handikoak». Konpainiaren fakturazioaren %20 baino ez da lortzen Hego Euskal Herriko, Espainiako eta Kataluniako merkatuei esker; beste %80 urrutirago dituzten plantak ari dira aurrera ateratzen, tartean Brasil, Mexiko, Maroko eta Hego Afrikakoak.
Garai berriak, irudi berria
Irizarren autobus guztiak logo berria erakutsiko dute aurrerantzean euren aurrealdean. Ormaiztegiko kooperatibak ez du i hizkia baztertu, baina berritu egin du. «Irizar ordezkatzen du, eta gure babesaren barruan doan bidaiaria ere bai», azaldu zuen Jose Manuel Orcasitasek. Etorkizuna nazioartekotzea dela uste dute, eta zerbitzu integrala eskainiz kooperatibaren marka mundu zabalean hedatzera doaz; «oraindik ere gehiago».
Inguruan ia lehiakiderik gabe gera liteke aurki kooperatiba; «izugarria izaten ari da urtea», esan zuen Irizarreko zuzendari nagusiak. Baina haiek eutsi egin diote, atzerriko plantei esker. Mexikoko merkatuaren %65 dago Irizarren esku une honetan. Urtean 1.200 autobus saltzen dira han, eta horietatik 800 bat Ormaiztegiko autobusgilearenak dira. Iaz i6 modeloa plazaratu zuten Brasilen, eta hilabetean 300 eskaera izan zituzten. «Oso merkatu onak dira guretzat. Autobusean egiten dira bidaiari garraioak; tren gutxi dago». Marokoko merkatua txikiagoa da, 200 autobusekoa gutxi gorabehera, baina gehiena Irizarren esku dago.
Ormaiztegin ez daude geldirik, ordea. Lantegiaren bulego atala zabaltzen ari dira, bezeroari gune handi bat eskaintzeko, eta Creatio I+G+B adarra sortu berri dute. Sei milioi euroko inbertsioa egin dute aurten ikerketan eta garapenean, iazko kopuruaren bikoitza. Hamabi langilek dihardute zentroan. «Epe ertain eta luzera begira ari dira, une hauetan ia pentsaezinak diren aurrerakuntzetan». Lantegiko langile ugari trebakuntza ikastaroetan ari dira, ekoizpenak ez baitu denen beharra eskatzen. «Baina hori bera gertatu zen 2000. urteko hamarkadaren hasieran atzerriko hainbat lantegirekin. Ormaiztegi dena emanda zegoen produkzioari begira, eta atzerrian langileek trebakuntza egiten zuten etorkizunari begira». Hala ere, iaz 1.100 autobus egin zituzten Ormaiztegin.
Irizar, mundu osoan
Batek huts egiten duenean bestea edukitzea. Nazioartekotzea eta merkatuak zabaltzea ezinbestekoa dela adierazi nahi izan zuen Orcasitasek. «Gaur egun, hazkundeaz hitz egitea ez da gauza erraza». Haatik, datorren urtean ere hazteko asmoarekin da Irizarreko zuzendaritza.
1889an sortu zuen Ormaiztegiko enpresa Jose Antonio Irizarrek. 1963an bihurtu zen kooperatiba, eta 1995erako hasi zen nazioartera jotzen. Gaur egun, Txinan, Indian, Marokon, Espainian, Brasilen, Katalunian, Mexikon eta Hegoafrikan ditu lantegi. Guztira 3.380 langile ari dira Irizarren. Iaz, 4.850 autobus egin zituzten.
Fakturazioa handituko du Irizarrek, kanpoko merkatuei esker
Hiri barruko autobusetarako i3 modeloa aurkeztu du Madrilgo azokan, irudi berriarekin batera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu