Enpresak

Faureciak Burlatako lantegia itxi eta 191 langile kaleratu nahi ditu

Zuzendaritzak dio bi kontratu garrantzitsu galdu dituelako hartu duela erabakia.

Burlatako Faurecia lantokia. Industria Cousin Freres deitzen da fabrika eta Faurecia taldeak iragarri du itxi egingo duela. langileek mobilizazioak hasi dituzte. JAGOBA MANTEROLA / ARGAZKI PRESS
Miren Garate.
2015eko otsailaren 7a
12:10
Entzun

Otsailaren 13an egingo dute lehen bilera enpresak eta langileek. Itxieraren eragina "ahalik eta txikiena" izan dadin saiatuko dela esan du zuzendaritzak, eta langile batzuk beste lantegietan jartzen saiatuko dela. Burlatakoaz gain, beste hiru fabrika ditu Fauriciak Nafarroan. Erretiro aurreratuak negoziatzeko prest ere agertu da.

Herenegun izan zuten langileek erabakiaren berri. Hiru arrazoi nagusi eman zituen enpresak itxiera arrazoitzeko: azken urteetan ekoizpenak izandako jaitsiera nabarmena, proiektu garrantzitsuak ez berritu izana, eta, azkenik, Europako merkatuan lehiakortasuna galdu izana. Autoen aurreko eserlekuetarako labanderak egiten dituzte Cousis Freresen —hala izena du Fauriciaren Burlatako lantegiak—. Nafarroako Gobernuarekin ere jarri zen harremanetan enpresa, eta jakinarazi zion Volkswagenekin eta General Motorsekin bi kontratu garrantzitsu galdu izanak bizkortu duela erabakia.

Lantegiak hiru urte daramatza galerekin, baina halako erabakirik ez zuten espero langileek. Zuzendaritzarekin harreman ona izan dutela diote, eta ekoizpenaren jaitsierari erretiro aurreratuekin eta aldi baterako erregulazio espedienteekin egin diote aurre orain artean. Enpresak 300 langiletik gora ere izan bazituen ere, 191ra murriztuta zegoen kopurua. Ixtearen aurka "lan eta borroka" egingo dutela iragarri dute. 40 urte ditu lantegiak, eta, batez beste, hogei urtekoa da langileen antzinatasuna.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.