Duela hilabete, otsailaren 6an, Faurecia multinazionalak Burlatako (Nafarroa) Cousin Freres fabrika ixteko erabakia hartu zuen. Albisteak oharkabean hartu zituen beharginak, baina langile batzordeak hilabete baten buruan akordiorako oinarria lortu du lantokia ez ixteko. Joan den astean ekin zioten negoziazioari, eta ostiral goizaldeko seietan sinatu zuten, ia 24 orduko elkarrizketen ostean. Ituna UGT eta CCOO sindikatuek babestu dute. LAB eta ELA aurka azaldu dira, fabrikaren etorkizuna bermatzen ez duelakoan.
Larunbatean akordioaren berri eman zieten 190 langileei, eta gaur egin dute bozketa. CCOOk azaldu duenez, lau langiletik hiruk ontzat jo dute (134 boto). Aurkoa 37 lagunek eman dute (%21) eta lau lagunek boto zuria eman dute. Faurecia multinazionaleko administrazio kontseiluak ituna berresten badu, apirilaren 1ean indarrean sartuko da sinatutakoa.
Langileen erabakia txalotu du CCOOk, eta horri esker bere burua sendotuta ikusi duela nabarmendu du. ELAri eta LABi eskatu die batzarraren erabakia errespetatzeko eta akordioa sinatzeko, "enpresa batzordeak negoziazioen proposatutako eskaera guztiak aintzat hartzen dituelako, eta Nafarroan azken erregulazio espedienteen aurka sinatutako akordio onena delako".
Itunaren arabera, Burlatako lantegia irekita izango da gutxienez 2016ko abenduaren 31era arte. Hori bai, langile gutxiago izango ditu. Gaur egun 189 behargin aritzen dira autogintzarako osagaiak egiten. Aurten 126 langile arituko dira, eta 2016an 109. 55 urtetik gorako langileen aldez aurreko erretiroen bidez eta gainerako langileak Faureciako beste lantokietan enplegatuta, «ez da irteera traumatikorik egongo».
Langile batzordean CCOOk du gehiengoa, lau ordezkarirekin; ELAk eta LABek bina ordezkari dituzte, eta UGTk bakarra.