Lan harremanak

FEADRS patronalak uko egin dio sektore arteko ituna inpugnatzeari

EAEko Justizia Auzitegi Nagusiari jakinarazi dio ofizialki uko egin diola lanbide arteko esparru akordioaren aurkako salaketarekin jarraitzeari, eta bertan behera gelditu da bihar epaitzekoa zen salaketa.

Lanbide arteko esparru akrdioa sinatuzen eguna, 2017ko ilbeltzean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
xabier martin
2018ko apirilaren 23a
08:06
Entzun

ELA sindikatuak eta Eurest enpresak joan den ostiralean egindako akordioak emaitzak eman ditu auzitegian. Eurestek FEADRS patronalaren inpugnazio sonatua kentzeko saioa egin behar zuen enpresarioen erakunde horren barruan, eta ELAk bertan behera utziko zuen biharko deitutako greba. Bada, itun horrek fruituak eman ditu epaitegietan, eta Espainiako FEADRS patronalak ez du euskal sindikatu nagusi guztiek eta Confebaskek egindako Lanbide arteko esparru akordioaren aurka joko. Biharko epaiketa bertan behera geratu da, horren bestez.

Eurest, Sodexo eta Serunion enpresetan aplikatzen dute kolektibitateen esparruan Espainiako ituna, euskal herrialdetako ostaritza itunak aplikatu beharrean. Estatalizazio horren aurka borrokan ari dira ELA eta LAB sindikatuak, eta auzi horretan jakin zen FEADRS patronalak Jaurlaritzak babestu eta bultzatutako itun historikoa epaitegian salatu zuela. Ostalaritzako esparru akordioari helegitea jarri ondoren eman zuen urratsa patronal horrek, baina atzera egin du azken unean, aurreko astean ELArekin akordioak egin zituztelako Eurestek (sektoreko enpresa nagusia), Sodexok eta Serunionek.

Erabaki honek negoziazioari ateak zabalduko dizkio, baina ikusteko dago enpresa horiek euskal itunak aplikatzen hasteko asmoa ote duten. Itxura batean, Eurestek Bizkaiko ituna baliatzeko asmoa luke, betiere ELAk jakinarazi duenez, baina beste herrialdeetan zein jarrera izango duten ez da ezaguna.

ELA eta LAB

Sindikatu abertzaleen artean, sestra handia eragin du inpugnazioaren auzi honek, LABek garbi esan duelako ELAri ez dagokiola protagonismo hori sektorean. Euresten ELAk bezain besteko ordezkaritza dauka LABek, eta aipatutako beste bi enpresetan, gehiago.

Batera edo bestera, Lanbide arteko esparru akordioak bere horretan jarraituko du, FEADRS patronalak atzera egin duelako bere inpugnazioan. Espainiako hitzarmenen aurrean, euskal itunei lehentasuna emateko tresna izango da orain arte bezala. Egin zenetik, ordea, apenas egin diren sektoreko itunak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.