Kutxabankeko administrazio kontseilua ez da behin-behinekoa izango. Hala dio Mario Fernandez BBK-ko eta Kutxabankeko presidenteak. Haren aurreikuspenen arabera, ostegunean aukeratu zen administrazio kontseiluak lau urtez jardungo du lanean. Hasiera batean behin-behinekoa izango zela uste zen, Eusko Jaurlaritza EAEko aurrezki kutxen legea ari delako prestatzen. Lege hori onartzen denean berritu egin beharko dira administrazio kontseiluak, baina, Fernandezen esanetan, Kutxabanki ez dio eragingo aldaketak.
Otsailean edo martxoan onartu nahi du legea Jaurlaritzak. «Kutxei bakarrik eragingo lieke legeak, bankuari ez. Kutxek egituraketa berria txertatu beharko dute euren barnean», azaldu du Fernandezek. Dena den, Kutxabank sozietate anonimo izango den neurrian, administrazio kontseiluan aldaketak egon daitezkeela gogorarazi du. «Edonola ere ez da izango kontseilu ezegonkor bat, ez baita sortu behin-behinerako».
Etzi egingo du lehenengo batzarra Kutxabankeko administrazio kontseiluak. EAJren eta PPren arteko akordioak hautsak harrotu ditu, azkenean PSE-EE eta Bildu administrazio kontseilutik kanpo geratu direlako. Alde horretatik, adostasun handiagoko akordio bat lortzea nahiago zuela adierazi du Fernandezek: «Nire aldetik inozokeria handia izango baitzen administrazio kontseilu berrirako adostasun txikiagoko akordio bat nahiago nuela esatea».
Hiru kutxetako presidenteek atzo izan zuten lehen harremana kontseilariekin, eta hautatuen izaera «profesionala» azpimarratu du Fernandezek. Gai horrekin «erreta» dagoela dio. «Duela urte mordoxka bat politika utzi duen pertsona batek zergatik ezin du banku honetan parte hartu, eta beste edozeinek bai?». Arlo politikoa lanbide zilegia dela esan du, «jabetza erregistratzaile edo suhiltzaile lanbidea bezainbeste».
Administrazio kontseiluko hautaketa prozesuan ez dute parte hartu kutxetako presidenteek.«Ondorioz, orain arte egon diren iritzi politikoak errespetatzen ditugu».Hori dela eta, balorazio politikorik ez du egin nahi izan Fernandezek, euren betekizunetatik kanpo dagoen arloa dela iritzita. «Gu hemen finantza proiektu bat aurrera eramateko lanetarako gaude». Hala ere, ezin da ahaztu alderdi politikoek proposatzen dituztela administrazio kontseilurako kideak. Eta alderdi politikoetako ordezkariz betetako kutxetako administrazio kontseiluek onartu.
Handiagotzeko beharra
Finantza arlo horri buruz ere hitz egin zuen atzo Xabier Iturbe Kutxako presidentearekin eta Carlos Zapatero Vitalekoarekin batera egindako agerraldian. Kutxabankek lehen hilabeteetan sendotu egin beharko du: «Baina horrek ez du esan nahi tamaina handitzeko aukerei muzin egingo diegunik». BBK-ko presidenteak berretsi du tamaina handiagoa beharko dutela, eta 2012. urtean batik bat banku berria indartu nahi badute ere, ez dira geratuko berrantolaketatik kanpo: «Indartzeko eta handitzeko prozesuak bateragarri egin beharko ditugu, hala behar baldin bada». Esanak esan, argi utzi nahi izan du ez daukatela inongo kontakturik inongo erakunderekin, «ezta Banca Civicarekin ere».
Datorren asteleheneko lehen batzarrean, zuzendaritzako kideak izendatuko dituzte administrazio kontseiluan, eta lehen urratsak egiten hasteko komisioak sortuko dira. Horien artean, Kutxabankek industria sektorean izango duen inbertsioa zehaztu beharko dute. Fernandezek aurreratu duenez, «estrategiko» gisa izendatutako proiektuak mantendu egingo dira, eta gainerakoak «desinbertsio prozesu batean sartu ahal izango dira».
Confebaskek, berriz, kreditu faltagatik egindako kexari erantzun dio: «Kreditu inbertsioaren berri emango bagenu, kudeaketa erabaki txarra izango zen». Kopuru hori eskaeraren arabera zehaztu beharko dela gogorarazi du Fernandezek, eta momentu honetan inbertsio eskaera «OHE [objektu hegalari ezezaguna] fenomeno bat bezalakoa da tamalez». Izan ere, eskaera horien %90 berfinantzaketak edo epe luzapenak dira, eta une honetan eskaera horiek aztertzeko prozesuan daude.
Eskaera Raxoiri
Mariano Raxoi Espainiako Gobernuko presidente berriak kutxen sektorerako iragarritako erreformari buruz, Fernandezek esan du espero dutela «irizpide teknikoei jarraituko» diela. Aurretik emandako berregituraketa proiektuak ekarri ditu gogora. «Irizpide politikoak erabili ziren hainbat fusio egiteko, eta, une honetan, erakunde horiek egon daitezke egoera zailenean».
Gobernuari informazio gehiago izan dezala eskatu dio «banku txarra» deritzona sortu aurretik, eta komeni den edo ez aztertzeko. Baina erakunde horrek ongi pentsatutakoa izan behar lukeela gaineratu du, «bestela ondorio negatiboak izan baititzake».
Fernandezek lau urterako nahi du oraingo administrazio kontseilua
BBK-ko presidenteak Kutxabankeko administrazio kontseiluko kideen «profesionaltasuna» azpimarratu duKutxabankek tamaina handiagoa beharko du, baina ez daukate kontakturik inorekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu