Bihar beteko ditu hamar urte Irungo Ficoba erakustazokak. Orain arteko ibilbidea laburbiltzen duten datu batzuk dira ondorengoak: aurten iritsiko da milioi batgarren bisitarira. Ireki zenetik gaur arte 1.500 jarduera baino gehiago hartu ditu, eta 51 milioi euro baino gehiagoko efektu induzitua izan du. Aurten ere superabita izatea aurreikusten du, eta Irungo Udalaren asmoa da bi urte barrurako eraikina ordaindua izatea. Pozik agertu dira emaitzekin Ficoba fundazioko kideak. Eta hamargarren urteurrenarekin batera, berrikuntza bat ere badator. Izan ere, Gipuzkoako Diputazioak erabaki du Ficoba fundazioko patronatuan sartzea.
«Bidasoaldeko udalak aspalditik ari ziren eskatzen diputazioari Ficoban sartzeko. Jakina da, baita ere, gure gobernuaren apustua dela eskualdeen bidez Gipuzkoa garatzea. Zinez uste dugu eskualdeetan dagoela indarra, eta eskualdeko eragile garrantzitsua da Ficoba», esan du, gaur goizean, Martin Garitano ahaldun nagusiak diputazioaren erabakia arrazoituz. Era berean, nabarmendu du erakustazokak Iparraldeko eta Hegoaldeko enpresen arteko harremanak sustatzen dituela eta hori ere bultzatu nahi dutela.
Garitanok ez ezik, Jose Antonio Santano Irungo alkate eta Ficoba fundazioko presidenteak, Fernando Amunarriz presidenteordeak eta Ander Sarratea kudeatzaileak ere parte hartu dute gaurko agerraldian. "Egon behar genukeen guztiok gaude jada", adierazi du Santanok. Hain zuzen, aurrerantzean, Gipuzkoako Foru Aldundiaz gain Irungo eta Donostiako udalak, Gipuzkoako eta Baionako merkataritza ganberak, Bidasoa-Txingudi mugaz gaindiko partzuergoa, Bidasoko Erakustazoka eta Eusko Jaurlaritza izango dira patronatuko kide.
Sarrateak adierazi duenez, bi fasetan banatu da erakustazokaren orain arteko ibilbidea. Lehen bost urteetan Ficoba ezagutarazteak izan zuen lehentasuna. «Esfortsu handieneko bost urteak izan ziren, proiektu berriak atera behar ziren, eta zortzi azoka jarri genituen martxan. 2008an bihurtu zen errealitate Ficoba». Estrategia aldaketa etorri zen gero, iraunkortasun ekonomikoa sustatzeko helburuarekin. «Ikusi genuen ekoizpen propioa, azoka propioak, ez zetozela bat emaitzekin, eta erabaki genuen ekoizpen propioaren aldeko apustua murriztu eta kanpokoari garrantzi handiagoa ematea».
Estrategiak beste zati bat ere bazuen. «Ekitaldiak atomizatzen saiatu ginen, ekitaldi txiki gehiago erakartzen, azpiegiturak gehiago erabiltzeko. 2008tik aurrera okupazio tasa nabarmen handitu da. Horrela lortu dugu publiko orokorra erakartzea, ez bakarrik sektore jakin batzuetakoa». Ferien pisua jardueraren %10etik %6ra murriztu da; jarduerak, berriz, %30eko gorakada izan du azken urteotan. Etorkizunera begira, helburuetako batzuk dira gertaera profesionalak, ekimen instituzionalak eta kulturalak gehitzea; baita berrikuntza sustatzea ere. Halaber, Frantziara are gehiago zabaldu nahi dute eskaintza.