FROB funtsak banku bideraezinak likidatu ahal izango ditu; nazionalizatutako erakundeetako lehentasunezko partaidetzen jabeek galerak onartu beharko dituzte; eta finantza erakundeei gutxieneko kaudimena igoko diete, %8tik %9ra. Espainiako Gobernua hasi da finantza sektorearentzako erreskatearen truke eskatutako baldintzak betetzen. Finantza sektorearen erreforma berria prestatzen ari da, laugarrena hiru urtean. Gaur edo gaur zortzi onartuko du finantza erakundeak berregituratzeko dekretua.
Dekretuak eskumen gehiago emango dizkio FROBi. Bankuak kapitalizatzeko funtsak finantza erakundeak likidatu ahal izango ditu, bideraezinak badira; bideraezinak izango direla uste badu, baita neurriak hartuta ere; eta «interes publikoagatik», ekonomia eta finantza sistema «nahastea» saihesteko. Ez ditu bankua likidatu beharko likidatzeak finantza sistemaren egonkortasunari «ondorio oso kaltegarriak» eragiten badizkio.
Finantza erakunde bat likidatu aurretik, ordea, beste aukera batzuk aztertuko dituzte: alde batetik, esku-hartzea garaiz egiten duten kasuetan, bankuak plan baten bidez eta bere baliabideekin arazoak konpontzea; bestetik, bankua berregituratzea, arazoak konpontzeko diru publikoa behar duenean.
Gaur egun Espainiak lau banku nazionalizatu ditu, Bankia, CatalunyaCaixa, Novagalicia eta Banco de Valencia. Banku horietako lehentasunezko partaidetzen jabeak kezkatuta eta haserretuta daude. Ez dute inbertitutako dirua berreskuratu, eta galerak onartu beharko dituzte, finantza sektorearen erreformaren dekretuaren zirriborroaren arabera. 150.000 bezero eta 4.500 milioi euro dira lau banku horietan.
Dekretuak diru publikoa jaso duten bankuetako goi karguen ordainari ere eragingo dio. Otsailean Espainiako Gobernuak gehienez 600.000 eurora mugatu zuen ordainsari finkoa. Dekretu berriarekin gehienezko muga 500.000 eurora jaitsi nahi du. Nazionalizatutako bankuetako goi karguen muga ez du aldatu: 300.000 euro.
Finantza erakundeek handitu egin beharko dute beren kaudimenaren maila urtea amaitu baino lehen, %8tik %9ra. Berez, maila hori gainditzen du jada Kutxabankek. Urte amaierarako lortzen ez dutenek plan bat aurkeztu beharko diote Espainiako Bankuari.
Erreskatea negoziatzen
Finantza erakundeen erreskatearen baldintzak betetzeko, eta herrialdearentzako erreskatea negoziatzen ari da Espainiako Gobernua, Reuters agentziaren arabera. Aukera nagusia da EFSF funtsak Espainiari zorra zuzenean erostea eta EBZk bigarren mailako merkatuetan egitea da, arrisku sariak jaisteko.
Espainiako Gobernuak Europa Press agentziari onartu zion beste herrialde batzuetako ordezkariekin hitz egiten ari dela erreskateak izango lituzkeen baldintzei buruz.
Finantza erakundeak likidatu ahal izango ditu FROBek
Espainiako Gobernuak prest dauka finantza sektorearen erreforma berria, laugarrena hiru urtean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu