FINANTZA ERAKUNDEAK. ZERBITZUAK. Zentimoz zentimo, zakua bete

Duela urte gutxiko joera apurtu, eta komisioak igotzeari ekin diote banku eta aurrezki kutxek. Urtea hasi zenetik, ia %10 garestitu dituzte txartel arruntak.

2009ko azaroaren 12a
00:00
Entzun
Bizpahiru urte dira banku eta aurrezki kutxetako erakusleihoak «zero komisioak» zioten kartelez estalita zeudela. Ez kontu korronteen mantentze lanengatik, ez txartel berri bat jaulkitzeagatik, ez transferentziak egiteagatik. Bezero berriak erakartzeko kanpaina arrakastatsuak egin zituzten komisioen kontura. Baina, krisiak goitik behera aldatu dudena. Eta, orain, komisioak ahalik eta gehien igotzea da joera. Lehen bezeroak erakartzeko tresna zena negozio iturri bihurtu nahi baitute orain.

Hala ere, krisia tarteko, lehen baino banku eragiketa gutxiago egiten da orain. Eta komisioetatik lortzen dituzten diru sarrerei eutsi ezinik dabiltza banku eta aurrezki kutxak. Espainiako Bankuak emandako datuen arabera, aurtengo lehen sei hilabeteetan, Espainiako eta Hego Euskal Herriko finantza erakundeek 1.456 milioi euroko diru sarrerak lortu dituzte komisioetatik, iaz baino %9,11 gutxiago.

1. Txartelak

Komisio guztiak gorantz ari dira eta bereziki plastikozko diruari dagozkionak, hori baita iturririk oparoena banku eta aurrezki kutxentzat. Urtarrilaren lehenetik hona, %9,89 garestitu dituzte txartel arruntak, eta %6,56 kreditukoak. Aldea handiagoa da iazko urriko datuekin alderatuta, %10,92 eta %7,00koa, hurrenez hurren. Oraingo prezioak mantentzera, txartel arrunt baten jabeari urtean batez beste 16,66 euro kostatuko zaio hura edukitzea, eta 33,30 euro kreditukoa duenari. Espainiako Bankuaren datuen arabera, inoiz ez ziren hain garestiak izan.

Zifra horiei, ordea, txartelekin dirua ateratzeagatik ordaindu beharreko komisioak gehitu behar zaizkie. Egia esan, urtearen hasieratik hona igoera txikia izan dute, oro har %0,05 ingurukoa. Baina, horrek ez du esan nahi komisioak berez txikiak direnik. Txartel arrunt batekin sare bereko baina beste erakunde bateko kutxa automatikotik 300 euro ateratzeagatik, esaterako, batez beste 3,24 euroko komisioa kentzen dute (%1,08); beste sare bateko kutxa automatikotik ateratzeagatik, berriz, 11,16 eurokoa (%3,72).

Kreditu txartelekin kutxa automatikoetatik dirua ateratzea txartel arruntekin ateratzea baino dezente garestiagoa da. Adibidez, erakunde bereko kutxatik 300 euro ateratzeagatik, batez beste bederatzi euroko komisioa kentzen dute (%3); sare bereko baina beste erakunde bateko kutxatik ateratzeagatik 12,27 eurokoa (%4,09); eta beste sare bateko kutxatik ateratzeagatik 13,17 eurokoa (%4,39).

2. Kontuak

Banku edo aurrezki kutxa batean kontu korronte bat izateagatik, urtean 21,07 euro ordaindu behar dira batez beste, urtarrilaren lehenean baino %4,4 gehiago. Erakunderik garestienek urtean 42 euro kobratzen dituzte zerbitzu horren truke. Aurrezki kontuak merkexeagoak dira, urtean 20,43 euro kostatzen direlako batez beste; urtearen hasieratik hona igoera handiagoa izan dute, ordea, %5,64koa.

3. Transferentziak

Transferentziak egiteagatik banku eta aurrezki kutxek kobratzen dituzten komisioak ere igo egin dira urte hasieratik hona. Urtarrilaren lehenean, batez beste 30 euroko komisioa kobratzen zuten erakunde bereko kontu batetik bestera 10.000 euroko transferentzia egiteagatik, eta 33 eurokoa orain. Tranferentzia erakunde batetik bestera egiteagatik, berriz, 33 euro kobratzen zituzten lehen, eta 35 euro orain. Espainiako Bankuaren araudiaren arabera, 2006ko urritik, finantza erakundeek eskubidea dute transferentzia egiten duenari zein jasotzen duenari komisioak kobratzeko, nahiz eta oraindik errealitatean ez den horrelakorik gertatzen.

4. Zenbaki gorriak

Kontu korrontea zenbaki gorritan izatea ere geroz eta garestiagoa da. Orain, batez beste 10,62 euro ordaindu behar dira, urtearen hasieran baino 0,57 euro gehiago. Zorpeko kontu horiek erreklamatzeagatik, berriz, batez beste 30,26 euro kobratzen dituzte, urtarrilaren lehenean baino 1,35 euro gehiago.



Zergatik dira seguruagoak txartel txipdunak?

Txipa duten txartelak banda magnetikodunak baino seguruagoak dira, iruzurgileei ia ezinezkoa zaielako txartel horietako datuak kopiatzea. Hori dela eta, finantza erakundeak dagoeneko ari dira txartel zaharrak berriengatik ordezkatzen. Datorren urtea amaitzerako txipdunak izango dira txartel guztiak.



Helbideratze sistema EBko ordainketa guztietarako

Hil honetatik aurrera, EBko beste herrialde bateko kontu korrontetik kobrantzak jaso litezke, helbideratze sistema erabilita. Hori oso baliagarria izan daiteke atzerrian etxebizitza dutenentzat, atzerrian bizi diren erretiratuentzat eta ikasleentzat, ez baitute aldioro transferentziak egiten ibili beharko.



Euroarekin ordainketak egiteko gune bakarra abian

Azaroaren 2tik martxan da Europako Batasuneko herritar eta enpresei banku eragiketak erraztea helburu duen ordainketa gune bakarra deiturikoa. EBko herrialdeen, Norvegiaren, Suitzaren, Islandiaren eta Liechtensteinen arteko banku eragiketen komisioak bateratzen ditu sistema horrek.



%1

Gehigarria. Espainiako Diputatuen Kongresuak urriaren bukaeran onartutako Ordainketen Legearen arabera, merkatariek %1era arteko gehigarria kobratu diezaiekete erosketak txartel bidez ordaintzen dituzten bezeroei. Ez dirudi, ordea, horretan hasiko direnik.



«Komisioak argi azaltzen dituztenean, lehia handiagoa egoten da eta tarifak apalagoak izaten dira»

MEGLENA KUNEVA
Kontsumitzaileen Babeserako Europako komisarioa


Espainiako bankuak EBko garestienen artean

Europako Batzordeak komisioen inguruan egindako azterketa baten arabera, Espainiako banku eta aurrezki kutxak dira Europako Batasuneko garestienak, Italiakoen atzetik. Espainian, kontu korronte baten jabeak urtean 178 euro ordaindu behar ditu komisiotan; Italian, 253 euro; Frantzian, 154 euro; Alemanian, 89euro; eta Bulgarian, 27 euro besterik ez. Baina, komisio handiegiak ez ezik, gardentasun falta ere sumatu du Bruselak. Haren esanetan, espainiarren %27k arazoak dituzte eskaintzak alderatzeko orduan, informazioa eta klausulak modu diferentean aurkezten dituelako finantza erakunde bakoitzak. Datozen hilabeteetan araudi aldaketak egon daitezkeela iragarri du Bruselak.



%2,2

Iaz baino gutxiago. Espainiako bost banku handienek -Santander, BBVA, La Caixa, Caja Madrid eta Banco Popular- 12.228,9 milioi euro jaso dituzte komisiotan, urteko lehen bederatzi hilabeteetan. Iaz garai berean %2,2 gehiago poltsikoratu zuten.



Marisa Gracia.Ausbanc-ek Hego Euskal Herrian duen ordezkaria
Komisioen inguruko informazioa nahasgarria izan ohi den arren, pazientziaz hartzea,eta aukera guztiak aztertzea da Ausbancek kontsumitzaileei egiten dien gomendioa

«Ez negoziatzegatik, herritar xumeenek ordaintzen dituzte komisio handienak»

A. Arzallus.

Krisi garaian komisioen inguruko kexak ugaritu egin zaizkiela aitortu du Marisa Gracia Ausbanc-eko kideak.

Urtearen hasieratik hona, ia %10 igo dituzte txartel arrunten gaineko komisioak. Zer deritzozu?

Igoera oso handia dela, handiegia, jendea zer-nolako estualdiak pasatzen ari den ikusita. Baina, erakundeek komisioak libreki jartzeko eskubidea dute, eta komisio horiek, oso handiak izanagatik, legezkoak dira.

Komisioak ezartzeko orduan zer muga dituzte finantza erakundeek?

Egia esan, ez dute mugarik. Erakunde bakoitzak nahi dituen komisioak jar ditzazke. Hori bai, edozein igoera edo aldaketa Espainiako Bankuari jakinarazteko betebeharra dute, eta haren esku dago onartzea ala ez. Dena dela, ez dut uste sekula ezezkorik ematen duenik; dena ongi iruditzen zaio.

Kontsumitzaileek begiratzen al diete horrelako gauzei erakunde bat edo bestea hautatzeko orduan?

Ezta gutxiagorik ere. Pertsona bat finantza erakunde batera doanean kontu korronte bat ireki nahi duelako, gehienetan ez da hitz egin ere egiten komisioen inguruan, eta egia esan, egin behar litzateke, urtearen amaieran diru asko esan nahi duelako. Kontua irekitzeagatik, hura mantentzeagatik, etxera mugimenduen agiria bidaltzeagatik, kutxa automatikoetatik dirua ateratzeagatik... guztiagatik kobratzen dituzte komisioak, eta komenigarria litzateke zerbitzu bat kontratatzerakoan horiek guztiak negoziatzea. Ez negoziatzeagatik, azkenean, herritarrik xumeenak ordaintzen dituzte komisiorik handienak. Diru asko mugitzen dutenek, eguneroko bezeroek edo bulegoko zuzendariarekin harreman ona dutenek, normalean, ez dute komisiorik ordaintzen, edo behintzat askoz txikiagoak.

Finantza erakundeek behar bezala informatzen al dituzte bezeroak komisioen inguruan?

Berez, erakundeek betebeharra dute komisio guztien inguruko informazioa bulego bakoitzean erakusgai jartzeko. Baina, tabernetan salneurrien zerrendarekin bezala gertatzen da, bulegoko bazter batean jartzen dutela eta inor ez dela ohartu ere egiten.

Ez al daukate bezeroei aldaketen eta igoeren berri eman beharrik?

Ez, nahikoa dute informazio guztia Espainiako Bankuaren webgunean ikusgai izatearekin. Ez zait iruditzen, ordea, jendeak han begiratuko duenik, eta are gutxiago adin batetik aurrerakoek. Zerbitzu bat kontratatzerakoan, letra txikian zehazten dira komisio guztiak, eta han jartzen du erakundeak edozein aldaketa egiteko eskumena duela bezeroei zuzenean abisatu beharrik gabe. Dirudienez, norberak arduratu behar du komisioak zertan diren jakiteaz, eta ez erakundeek haien berri emateaz.

Komisioen inguruko kexa asko iristen al zaizkizue?

Gero eta gehiago, jendeak, estu dabilenean, gehiago begiratzen dielako lehen txikikeriak iruditzen zitzaizkien gauzei. Gainera, gai horietan lortzen ditugu emaitzarik onenak. Egia da, ordea, gugana jotzen duten gehienak enpresa txiki eta ertainak izaten direla, eta ez partikularrak. Enpresa txikientzat oso garrantzitsuak izaten dira kontu horiek, diru asko egoten baita jokoan. Duela gutxi irabazi dugun auzi batean, esaterako, enpresa bati lau urtean 12.000 euro kendu zizkioten komisiotan.

Zer aholku emango zenieke kontsumitzaileei?

Lehendabizi, negoziatzeko, komisioak ordaintzetik libratu daitezkeelako; eta gehiegikeriaren bat jasaten dutenean, beldurrik gabe erreklamatzeko.

Espainiako Diputatuen Kongresuak onartu berri duen lege batek dio merkatariek eskubidea dutela erosketak txartelarekin ordaintzen dituztenei gehigarria kobratzeko. Zer deritzozu?

Urte mordo bat atzera egin dugula. Gogoan dut eskudirutan ordaintzeagatik beherapenak egiten zituztenekoa. Baina, gauzak gehiegi aldatu dira berriz horrela hasteko. Egia esan, kontu horri ez diot logika handirik ikusten. Orain arte, finantza erakundeek etengabe aritu zaizkigu esaten ordainketak txartelarekin egiteko, eta orain, mundu guztia horretara ohitu denean, kontrakoa bultzatu nahi dute, merkatariei gehigarriak kobratzeko esanda.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.