Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak gaur finantza transakzioen gaineko zerga bat sortzea proposatu du Europako Parlamentuan. Europako Batzordeak jada onartu du proposamen hori Europako Batasunean ezartzea, eta horrela jakinarazi die Durao Barrosok eurodiputatuei.
Horrekin urtean 55.000 milioi euro urtean jasotzea espero du Durao Barrosok. Europako Batzordeko presidenteak esan du azken urteetan 4,6 bilioi eurorekin lagundu dituztela finantza erakundeak, eta horiek orain gizartearengandik jaso duten laguntza hori itzultzeko garaia dutela.
Durao Barrosoren iritziz justiziazkoa da proposatu duena: "Gure nekazariek, gure langileek, gure ekonomiaren sektore guztiek, industriatik hasi eta zerbitzuetara, berea egiten ari badira, bankuek ere eurena eman behar dute", zehaztu du. Gainera, diru horren beharra dagoela nabarmendu du.
Hala ere, zerga horrek ez du aurrera egiteko aukera askorik Erresuma Batua aurka dagoelako. Hori ekiditeko eurogunean soilik ezar dezakete, besteak beste, Alemania, Frantzia eta Espainiaren babesa duelako. Jean-Claude Trichet Europako Banku Zentraleko presidentea aurka agertu da argudiatuz Europako Batasunearen finantza jarduna deslokalizatu dezakeela. Durao Barrosok, ordea, bere agerraldian zerga hori mundu osora zabalduko dela iragarri du.