Bankuak. Oliver Wymanen azterketa

Finantza sektorea berregituratzeko bide amaiezina

Hiru urte iraun duen kontzentrazio prozesu luzeari azken bultzada eman beharko dio azterketen emaitzak

Ivan Santamaria.
2012ko irailaren 29a
00:00
Entzun
Historian parekorik ez duen kontzentrazio prozesua gertatu da azken hiru urteetan Espainiako eta Hego Euskal Herriko finantza sektorean. Dantzaldia euskal erakunde batek hasi zuen, Nafarroako Kutxak, 2009. urteko udazkenean. Bide horretan, aurrezki kutxa guztiek —bi txikik izan ezik— finantza negozioa bankuen bidez kudeatzeari ekin behar izan diote. Kreditu kooperatibak alde batera utzita, hamar bat finantza talde handiren artean banatuta geratuko da sektorea, gutxiago ez badira.

Oliver Wyman aholkularitzak egindako azterketaren emaitzek prozesu horri azken bultzada ematen laguntzea espero da. Gutxienez, bateratzeko hiru proiektu geldirik egon dira, azterketek esango dutenaren zain. Horietatik bi nahiko aurreratuta daude, gainera. Alde batetik, Liberbank, Ibercaja eta Caja3 erakundeen arteko bat egitea dago. Bihar egingo zen batzarra urrira atzeratzea erabaki du Liberbankek. Bestetik, Unicajaren eta Banco Ceissen arteko bateratzea ere airean geratu da, eta kapital beharren arabera gauzatuko da edo ez. Azkena Banco Popular eta BMNren arteko negoziazioak dira.

Espainiako Gobernuak eta Espainiako Bankuak finantza sektorea berregituratzeko prestatu zuten estrategiaren porrota islatzen du prozesuak. Munduko finantza sektorerik indartsuena zela behin eta berriro esan ondoren, hainbat aurrezki kutxa bateratuta uxatu nahi izan zituzten sendotasunari buruz sortzen hasi ziren zalantzak. Miguel Angel Fernandez Ordoñez Espainiako Bankuko orduko gobernadorearen ustez, indartsuak ziren erakundeen balantzeek lagunduko zituzten ahulenak aurrera ateratzen. Oker zegoen, Bankiaren esperimentuak gerora erakutsiko zuen modura.

Laguntzeari utzi, eta esku hartu

Eskatu zituzten bateratze prozesuei diruz lagundu zien Espainiako Gobernuak, berregituratzea animatzeko biderik azkarrena zela iritzita eta entzun ziren lehen alarma hotsei bizkarra emanda. 2009. urteko martxoan, lehen ardi beltza agertu zen: Gaztela-Mantxako CCM kutxan esku hartu, eta agintea hartu zuen Espainiako Bankuak.

CCMren porrota finantza sektorea joko zuten aje guztien bilduma zen: higiezinei emandako maileguetan gehiegizko arriskua hartzea, eta erabaki politikoak finantzarioen gainetik. Apurka, handituz joan zen finantza erakundeenganako mesfidantza, eta horri oinarrizko kapital betebeharrak gogortuta erantzungo zion Moncloak, PSOEren eskutik lehenik, eta PPren eskutik ondoren.

Finantza betebeharrak zorroztu ahala, pilatutako zama argituz joan da. Datu bat nabarmendu da besteen gainetik: finantza erakunde nagusiek 300.000 milioi euro dituzte higiezinei emandako maileguetan, eta hortik 184.000 milioi aktibo kutsatuak dira: ez dira ari horiek ordaintzen, edo berandu ordaintzen dituzte.

Etxebizitzaren burbuilaren eztandak itota, hilotzak bidean geratu dira, horietako asko Fernandez Ordoñezek sustatu zuen hasierako bateratze prozesuaren emaitzak. CajaSur BBKren esku geratu zen, CAM Sabadellek eskuratu zuen, eta BBVAk Unnim.

Haatik, beste lau bankuk nazionalizatuta eta irtenbide baten zain jarraitzen dute. Guztien artean 472.000 milioi euroren aktiboak dituzte, ia Santander talde osoak adina. Nagusiena Bankia da, CajaMadrid eta Bancaja elkartzeko asmoz PPk egin zuen negozio eskasa. CatalunyaBanc eta NCG Bancoren patua ere datozen hilabeteotan erabakiko da. Estatuaren esku jarraitzen duen laugarren erakundea Banco de Valencia da, iazko azarotik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.