Finantza sistemak ahul jarraitzen duela ohartarazi du NDFk

Krisiaren joanean pilatutako 2,9 bilioi euroko zorrari aurre egin beharko diote mundu osoko bankuek datozen bi urteotan

Ivan Santamaria.
2010eko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ekonomiaren hazkundea trabatzen ari den galga da oraindik ere finantza sistema. Ahulezia horren ondorioz arriskuak ez direla desagertu nabarmendu du Nazioarteko Diru Funtsak (NDF). Hala, merkatuen egonkortasuna bermatzeko bidean joan den apiriletik atzera egin dela ohartarazi du erakundeak, finantza globalei buruz argitaratu duen azken txostenean.

Urtero elkarrekin antolatzen duten batzarra egingo dute heldu den asteburuan NDFk eta Munduko Bankuak Washingtonen. Ohi bezala, nazioarteko ekonomiaren egoerari buruzko txosten ezberdinak aldez aurretik argitaratzen ari dira bi erakundeak. Atzo, finantza globalen egonkortasunari buruzkoa aurkeztu zuen NDFk. Gaur, berriz, ekonomiaren hazkundearen inguruko aurreikuspenak plazaratuko ditu.

NDFren ustez, krisiak finantza erakundeetan sortu duen zuloa ez da oraindik erabat estali, nahiz eta 2007. eta 2010. urteen artean bankuek pilatu dituzten galeren kalkulua apur bat murriztu, 1,66 bilioi eurotik 1,59 bilioira. Honezkero murrizketa horretatik hiru laurden bankuen balantzeetan aitortu direla dio txostenak, eta 398.000 milioi euro baino ez dira falta.

Alta, presioak ez dira hor amaituko, eta finantzatzeko behar beste kapitala lortzea buruhauste nagusia izango da, luze gabe. Funtsak emandako datuen arabera, 2,9 bilioi euroko zor global bati aurre egin beharko diote mundu osoko bankuek datozen bi urteotan. Zorraren partetik handiena, hiru laurden, Europako bankuek dute, gainera. Hori dela eta, gobernuek finantza erakundeei emandako laguntza eta bermeak kendu baino lehen «tentuz» aritzea aholkatu du erakundeak.

Horren haritik, finantza sektoreko entitate ahulenak ixtea edo berregituratzea lehentasuna izan behar dela uste du. «Egoera makala denez, azken urteotan bankuei emandako babes publikoaren parte bati eutsi beharko zaio, akaso», dio NDFren txostenak, ondorio modura. Arazoei erantzuteko ezarri diren ezohiko diru eta finantza politikak kentzeko erabakia atzeratzea ere gomendatu du funtsak.

Zor publikoaren arriskuak

Ezegonkortasun giroa bultzatu duen beste faktore bat zor publikoaren krisia izan da. Gobernuek eta nazioarteko erakundeek egoerari emandako erantzun «sendoa» txalotu du NDFk, eta arriskuak mugatzeko «erabakigarria» izan zela azpimarratu du. Hala eta guztiz ere, arazoa ez dela erabat gainditu ohartarazi du, bankuen zorroetan zor publiko asko dagoelako orain. «Merkatuen arreta zor publikoaren zama handian jarrita segitzen du», txostenean jaso dutenez. Ondorioz, bigarren mailako bankuek edo merkatuen presioa nabaritzen duten herrialdeetako bankuek kapital merkatuetan finantzaketa lortzeko zailtasunak dituzte.

Epe ertainera begira, defizit publikoaren aurka borrokatzeko politikak eskatu dizkie NDFk gobernuei.

Bestalde, finantza sistemaren segurtasuna handitzeko abiatu diren moldaketen erritmoa motelegia iruditzen zaio funtsari. Erreformarako proposatu diren plan gehienak bururaino eraman gabe jarraitzen dute. Zulo eta arrisku nagusiak zeintzuk ziren identifikatu dira, baina xehetasunak ez dira artean lotu. «Porrot egiteko garrantzitsuegiak diren erakundeekin zer egin behar den erabakitzeko eztabaidak segitzen du», aipatzen du txostenak, adibide modura. Hori bai, bankuak sendotzeko Basileako batzordeak egin dituen proposamenak ontzat jo ditu.

Laguntza publikoak aurrera

Nazioarteko ekonomialarien arteko eztabaida iturria da oraindik krisiari aurre egiteko asmoz indarrean jarri ziren politika publikoak kentzeko unea den edo ez. Europako Batzordeak argi utzi nahi izan du 2011. urtean ere gobernuek bankuei eta enpresei laguntza publikoak emateko aukera izango dutela.

Joaquin Almunia EBko Lehia komisarioak atzo elkarrizketa batean aurreratu zuenez, bankuei estatu laguntzak ematea baimendu zituen behin-behineko markoak indarrean jarraituko du, baina zorrotzagoak izango dira baldintzak. Enpresa txiki eta ertainei zuzendutakoak ere mugatu nahi ditu Bruselak.



NDFk Madril txalotu du, baina 'b plana' eskatu dio Espainiako Bankuak

Ongi aritu beharrean, «oso ongi» ari da Espainia. Hori esan du Jose Viñals Nazioarteko Diru Funtseko diru gaietarako buruak. «Zezena adarretatik heldu dio. Finantza aldetik, etxeko lanak ahalik eta ongien egiten ari da». Viñalsek bereziki txalotu du aurrezki kutxen sektorearen berregituraketa.

NDFko burukidea baino zuhurrago mintzatu da Espainiako Bankuko gobernadorea, Miguel Angel Fernandez Ordoñez. Haren ustez, Espainiako Gobernuak defizit publikoa murriztu ahal izateko plan alternatiboak prestatu beharko lituzke, gerta litekeelako 2011rako aurreikusitako hazkundea ez iristea. Autonomia erkidegoei eta udalei estutzeko iradoki du Fernandez Ordoñezek, gobernuak gastuak murrizteko promesak bete egingo dituela uste baitu.



Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.