Izan ere, ez dirudi Francesco Gaetano Caltagirone enpresaburuak gidatutako taldeak amore emango duenik. Caltagironek BNLko akzioen %26 kontrolatzen ditu, eta Unipol aseguru etxearen (akzioen %10) laguntza jaso dezake BBVAren Erosteko Eskaintza Publikoa (EEP) ezerezean uzteko. BNL eskuratzeko, oraindik «zenbait oztopo» gainditu beharko dituela onartu du Gonzalezek.
Operazio «apurtzailea» da
Baikor da BBVAko presidentea, nolanahi ere. «Zaindua eta burutsua» deritzo operazioari, atzo Bilboko Euskalduna jauregian bildutako akziodunei azaldu zienez. BNLko akzioen %85,2 eskuratu gura ditu bankuak: «Hau ez da nire erabakia bakarrik, erosketarekin bat dator zuzendaritza talde osoa».
Operazio «apurtzailea» da, etorkizuneko BBVAren ispilu, nolabait. Akziodunek «ustekabe gustagarri gehiago» hartuko dituzte hurrengo urteetan: «80 herrialde baino gehiagotan dagoen nazioarteko bankua izatetik, banku globala izatera pasatuko gara».Hortarako, baina, Gonzalezek ezinbestekoa iritzi zion BNL erosteari. BBVAk 6.692 milioi euroko eskaintza egin du, denera, eta Gonzalezek argi utzi zuen ez duela diru gehiago jarriko mahai gainean. 513 milioi akzio berrietako bakoitzak 12,60 euro balioko du, beraz.BBVAk eta bere aliatuek BNLko akzioen %28,46 kontrolatzen dituzte une honetan eta %50era iritsi behar dute nahitaez. Atzotik, EEPa modu ofizialean argitaratu dezakete, eta behin argitaratua, BNLko akziodunen babesa faltako zaie soilik.
Gonzalezek uste du uztail hondarrean-edo askatuko dela korapiloa. BNL poltsikoan daukan edo ez jakin ostean joan nahi du oporretan.
-
Datua
531
BBVAk 531,13 milioi akzio gehiago jaulkiko ditu BNL erosteko eskaintza publikoari aurre egiteko. Bankuaren kapital osoaren %15,66 arte handitzeko baimena eman dute akziodunek. Horrenbestez, BBVAk 6.692 milioi eurotan utzi du BNL erosteko eskaintza. BNLko inbertsiogileek BBVAko akzio bat jasoko dute Italiako bankuko bost akzio bakoitzeko.