Urte berriaren hasieran, zaharreko ibilbidearen azterketa egin du Euskadiko Kutxak, eta emaitza positiboa izan du, dudarik gabe. 2004. urtean, %12,9 handitu ditu etekinak MCCko finantza entitateak, 131,6 milioi euroraino. Zergak ordaindu ondoko emaitza, berriz, 115,4 milioi eurokoa izan da. Euskadiko Kutxak azaldu duenez, jarduera komertzialak handia izaten jarraitzea izan da emaitza on horien eragileetako bat, baita arriskuei aurre egiteko funtsen hornidura aurrez egin izana ere; burtsa merkatuen jardun positiboa ere lagungarri izan dute.
Euskadiko Kutxak emandako datuen arabera, etxebizitza erosteko maileguak nabarmendu dira banku negozioaren hazkundean: %18,9 handitu dira, 6.500 milioi euroko saldoa iristeraino. Enpresak finantzatzeko saldoa %18,1 handitu da, eta kontsumorako maileguak %11,5. Balantzean kudeatutako baliabideek ere oso bilakaera ona izan dute, Euskadiko Kutxaren arabera, %20,9 hasi baitira. Besteren baliabide bitartekotuek, berriz, 10.000 milioi euroko zenbatekoa gainditu dute, %8,6 hazita. Aurrezkiei dagokienez, betiko gordailuen eta epe luzeko aurrezkiaren gorakada dira aipatzekoak. Hazkunde handiena Pentsio, Aurreikuspen eta Erretiro planean izan da, %23,4 hazi baitira. Eraginkortasun tasa %44koa du Euskadiko Kutxak, inguruko onenetarikoa.
FINANTZAK. Euskadiko Kutxak %13 hobetu ditu emaitzak, eta 131 milioi irabazi
Etxebizitza erosteko hipotekak %19 handitu ditu eta pentsio planak %23,4
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu