FINANTZAK. Nafarroako Kutxaren estatutuen aldaketa ezin dela eten dio Gobernuak

PSNri eta IUN-NEBri «foruen aurka egitea» egotzi die Iribarren Ekonomia kontseilariak

2004ko martxoaren 26a
00:00
Entzun
Francisco Iribarren Nafarroako Ekonomia kontseilaria asaldatuta agertu zen atzo komunikabideen aurrean, eta Nafarroako Kutxaren estatutu berriak aldatzeko bidea ezin dela eten esan zuen. Kontseilariak Juan Jose Lizarbe PSNko idazkariari eta Ion Erro IUN-NEBko koordinatzaileari erantzun zien. Espainiako Gobernuak ezin duela «alde bakarreko» erabakia hartuz Ekonomia Ministerioak eta UPN-CDNko gobernuak hitzartutako estatutu aldaketa eragotzi esan zien.

Herenegun, Lizarbek, Errorekin batera egindako agerraldian,esan zuen aurki Madrilen Gobernu berria aukeratuko dela baliatuz,aipatu kutxaren estatutu berriak indarrean ez sartzeko ahalegina eginen duela. PSNko idazkariaren esanetan Foru Erkidegoko Parlamentuak izan behar du kutxaren kontrola eta estatutuak Espainiako Kutxen Legea errespetatuz egin behar dira. Nafarroako Kutxa «foruduna» da eta ez dago Espainiako Kutxen Legeari lotua. Estatutu berriak UPN-CDNko gobernuak eta Ekonomia Ministerioak hitzartu zituzten iragan otsailean,eta merkataritza erregistroan martxoaren 12an erregistratu zituzten. PSNri eta IUN-NEBri «foruaren aurka egitea» egotzi zien Iribarrenek. «Ez Zapaterok, ez beste inork ez du eragotziko aldaketa prozesua. Estatutu berriak aurrekoak bezain demokratikoak dira», esan zuen Iribarrenek. Estatutu berriak Legebiltzarrean eztabaidatzeko aukera ere baztertu zuen. «Gobernuak gehiengoaren sustengua du eta ez dugu Parlamentura eramaten ez delako beharrezkoa. Nafarroako Kutxa foruduna da eta Legebiltzarraren kontrola izatea zaila litzateke», argudiatu zuen. PSNk zein IUN-NEBk kritikatu egin zuten Iribarrenen erantzuna. Alderdi Sozialistaren esanetan, «gezurra da» Madrilgo eta Nafarroako gobernuen artean onartu diren estatutuak «demokratikoagoak» direla. Sozialisten ustez, «lehen agintzen zutenek orain gehiago aginduko dute». Ezker Batuak kutxaren erakundeak «demokratizatzeko lanean» segituko duela iragarri zuen. Bi alderdiek foruaren kontra ari direla ukatu egin zuten,eta Nafarroako «aniztasun politikoa eta soziala» ordezkatzea dutela helburu esan zuten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.