Euskal Herriko ontziolek finantzaketa sistema berriarekin bi kontratu sinatu dituela baieztatu du Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak. Haren ustez, sistema horrek "etorkizuna du, baina finkatu egin behar du". Bilbon elkartu dira sailburua eta sektoreko ordezkariak —ontziolak, itsasontzi enpresa eta sindikatuetako ordezkariak—, eta finantzaketa sistema berria oinarri izango duten kontratuak bilatzeko lantaldea osatzea adostu dute. Lantaldearen zereginetako bat itsasontzigintzaren finantzaketa sistemari "erabateko segurtasun juridikoa" ematea izango da. Irailetik aurrera jarriko da martxan talde hori.
Finantza alokairuko sistema bat litzateke, eta "banku eta inbestitzaileak erakarriz" ontziak eraikitzeaz gain, I+G garatzea ere izango da. Eusko Jaurlaritzak ontziolen sektorearekin lan egingo duela adierazi du Tapiak, "epe motz, ertain eta luzerako plan estrategiko bat" lantzeko. Lantalde horrek "merkaturatze jarduerak" ere garatuko ditu, merkatu berriak bilatzeaz gain, nazioartekotze estrategia baten bidez. Itsas Foroak koordinatuko ditu lantalde horren lan ildoak.
Itsas zabalean instalazioei laguntza emateko itsasontziena "merkatu garrantzitsua" izan daitekeela baieztatu du Tapiak. Haren ustez, finantzaketa sistema berriak "etorkizuna du, baina finkatu egin behar du".