Enpresak

Finantzaketarik ezean ixteko zorian daudela onartu dute Fagor Etxetresnek

Konkurtso Legean sartuz gero jarduera eta lanpostu guztiak galduko direla ohartarazi du kooperatibak.

Ivan Santamaria.
2013ko urriaren 30a
18:55
Entzun

Fagor Etxetresnetako Kontseilu Errektoreak eta Kontseilu Sozialak ohar bateratua kaleratu dute gaur, enpresak duen krisiari buruz azalpenak emateko. Kooperatiba berregituratzeko asmoz, Mondragon korporazioari eta Eusko Jaurlaritzari finantzazioa eskatu zitzaiela azaldu du. Finantzazio hori lortu ezean, kooperatiba Konkurtso Legearen baitan sartu beharko litzateke, eta hori gertatzen bada, Fagor Etxetresnek ezingo lukete aurrera egin. "Fagor Etxetresnek adierazi nahi du uste osoa duela hartzekodunen lehiaketan sartzeak enpresaren jarduera eta lanpostu guztiak betirako galtzea ekarriko lukeela", dio enpresak, oharrean.

Mondragonen eta Jaurlaritzaren finantzazio falta "aurreikusten" du Fagorrek, eta honako ondorioak izango lituzkeela azpimarratu du: 4.000 lanposturen galera Euskal Herrian zeharkakoak barne; bazkideen aurrezkietan eragina (borondatezko ekarpenak nahiz maileguak); inguruko kooperatiba batzuen geroa zalantzan jartzea; lurraldeari egindako aberastasun ekonomiko eta soziala galtzea; eta 50 urtez prestigioa eta lidergoa izan duen marka bat merkatutik desagertzea.

Edozer gertatuta ere, enplegu guztiei eusteko konfiantza dute Fagor Etxetresnek, eta sistema kooperatiboaren elkartasunari esker, langileak beste enpresa batzuetara lekualdatuta edo jarduera berriak sortuta.

Bi kontseiluek manifestaziora deitu dute lanpostuen defentsan bihar arratsaldeko 18:00etan San Andres industrigunean Fagor Etxetresnek duten egoitzatik.

Gainera, Mondragon Korporazioak adierazpen ofiziala egingo du gaur arratsaldean Fagor Etxetresnen egoerari buruz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.