Eudel EAEko udalen elkarteak erkidegoko Finantzen Euskal Kontseiluaren erabakietan parte hartu nahi duela iragarri du gaur Ibone Bengoetxea elkarteko presidenteak. Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariari eskatu dio egokitu dezala Udalen Legea, horrekin Eudelek aipatutako kontseiluan hitza eta erabakia izateko.
Urkulluk eta Bengoetxeak bilera bat egin dute Gasteizen, Lehendakaritzan, Urkulluren ekimenez. Bengoetxeak ondoren hedabideei esan die "oso gustura" dagoela batzarrak emandakoaz. Dena dela, ez du azaldu zein den lehendakariaren asmoa. "Hark hartutako konpromisoak hark jakinaraztea gustatuko litzaidake", esan du Eudeleko buruak.
EAEko Udalen Legea 1979tik dago, Gernikako Estatutua onartu zutenetik. Harrezkero ez du egokitzapenik izan. Bengoetxeak adierazi du biharko egunean udalen eskumenak zein izango diren "argitu" beharra dagoela, 1979tik egoera asko aldatu dela argudiatuta.
Finantzen Euskal Kontseiluko kideak Jaurlaritza eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako aldundiak dira. Diputazioek zerga bidez jasotako dirua lauren artean nola banatu erabakitzen dute. Aurreko legealdiko Jaurlaritzak egindako proiektuak udalen parte hartzea ere jasotzen zuen. Dena dela, Patxi Lopezen (PSE-EE) gobernuak ez zuen aurrera atera.