Krisia eurogunean

Finlandiak herrialdeen zorra erostea oztopatu nahi du

Finlandiako Gobernuak dio bonoak erosteko herrialde guztien babesa behar dela, eta beraz, laguntza hori bertan behera utzi dezakeela aurka agertuz gero. 

2012ko uztailaren 2a
16:06
Entzun

Finlandiako Gobernuak Europako Banku Zentralak (EBZ) eta Europako Egonkortasun Funtsak (ESM) euroguneko herrialdeen zorra erostea oztopatuko duela adierazi du. 

Pasaden astean Europako Batasuneko 27 herrialdeek bruselan egindako goi-bileran hartutako erabakiak kolokan jartzen ditu horrek, euroguneko herrialdeek aho batez onartu behar baitituzte neurri gehienak.

ESMko estatutuek aurreikusten dute herrialdearen zorra erostea "premiazkoa" denean, prozedura abiatzeko nahikoa dela eurotaldeko herrialdeen %85ak babesa ematearekin. Finlandiak ez luke portzentaia hori lortuko nahiz eta Herbehereak eta Austriarekin elkartu —Alemaniaren ondoan egon dira orain bitartean—. 

Hala ere, Finlandiako Gobernuak dio bonoak erosteko herrialde guztien babesa behar dela, eta beraz, laguntza hori bertan behera utzi dezakeela aurka agertuz gero. 

Etengabeko tirabirak

Goi bileran bi puntu garrantzitsu adostu zituzten: Bankuen erreskate zuzena eta erreskate tresnek herrialdeen zorra erosi ahal izatea. Alde batetik, euroguneko bankuek ikuskatzaile bakarra izatea eta EBZk erakunde ikuskatzaile horren parte hartzea; bestetik, ikuskatzaile bakarra onartutakoan, ESMk zuzenean bankuak erreskatatu ahal izatea; eta, herrialderen batek eskatuz gero, EFSF eta ESM erreskate funtsek herrialde horren zorra erostea. 

Holanda ere zorra erostearen aurka agertu da, baina argitu du ez dela "hasieratik neurria blokeatzen" saiatuko. Herrialde bakoitzaren kasua aztertuko dutela adierazi du Holandak. 

Alemaniak ere aurkako jarrera erakutsi zuen hasiera batean. Italiak, ordea, uko egin zion hazkunde plana onartzeari, Italiaren eta Espainiaren egoera samurtzeko neurririk onartzen ez bazen; Espainiak Italiarekin bat egin zuen; eta Alemaniak amore eman zuen. 

 

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.