FISKALITATEA. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerga bilketa %7,6 igo zen iaz

IVAN SANTAMARIA - GASTEIZ
2005eko otsailaren 16a
00:00
Entzun
Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ogasunek 9.906 milioi euro bildu zituzten 2004an zergen bidez. Aurreko urtearekin alderatuta, %7,6 gehiago. Gainera, ogasunek joan den urteko urrian aurreikusi baino 108 milioi euro gehiago izan dira azkenean. Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) Finantzen Kontseiluak otsaileko ohiko batzarra egin zuen, atzo, eta, besteak beste, 2004 urteko zerga bilketaren likidazioa hitzartu zuen.

Zerga zuzenek, guztira, %3,4 diru gehiago bildu zuten. Arlo horretan adierazgarriena Elkarteen gaineko Zergaren hazkundea izan zen: %12,1 gehiago. Pertsona Fisikoei Ezarritako Zergak iaz indarrean sartutako erreformen eragina pairatu du, eta soilik %1,1 gehiago bildu du.

BEZ izan zen, zeharkakoen artetik, ekarpen handiena egin zuen zerga. 2003an baino %15 gehiago lortu zuten ogasunek joan den urtean.Likidazioa egiteaz gain, aldundi bakoitzak ogasun komunera egin beharreko ekarpena finkatu zuen Finantzen Kontseiluak. Herrialde guztiek lortu dute euren parte-hartzea koefiziente horizontaleko %99tik gora egotea, eta, ondorioz, inork ez du Elkartasun Funtsetik dirurik beharko finantzak orekatzeko.Espainiako Auzitegi Gorenaren epaiaren auziari dagokionez, hiru foru aldundiek otsailaren 23a baino lehen aurkeztuko dituzte helegiteak. Halaber, araudi berri bat adosteko lanean jarraitzen dute, Eusko Jaurlaritzarekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.