Gasteizko Instrukzio Auzitegiko 3. aretoko epaileak tramiterako onartu du Arabako fiskal nagusiaren kereila, eta salaketa ikertzea erabaki du. Josu Izagirrek joan den astean ezagutarazitako txostenean jasotzen denez, sei dira Hiriko auzian nahastutako akusatuak, haien artean Jesus Etxabe enpresaburua eta Iñigo Antia zinegotzi jeltzale ohia.
Sustatzaile nagusiak izanda ere autoak diseinatzeko eta ekoizteko "esperientziarik eta azpiegiturarik" gabe aritu izana egozten die fiskaltzak, baina, batez ere, diru publikoa euren mesedetan erabiltzeko egitasmoa asmatu izana.
Hain zuzen ere, Eusko Jarularitzako Garapen sailburu Arantza Tapiak iragarri duenez Jaurlaritza akusazio gisara aurkeztea aztertzen ari da, baldin eta "diru laguntzak beste ekintza batzuetarako erabili zirela frogatzen bada". Bide batez, Tapiak nabarmendu du Jaurlaritzak "proiektuaren jarraipen zehatza" egin zuela uneoro, eta alde horretatik "lasai" daudela.