Behobiako korrikalariak Fiz edo Antonen jarraitzailetan banatzea, gure burtsarenak Santander (+%3,91) eta Edurnezurirenetan (+%1,1) banatzea lez da: jostagarria bai, baina mami gutxikoa. Behobian lez, burtsan ere txerritxo bakoitzak bere bidea egin behar du, bere lasterketen eta emaitzen garaian, norbere ondorioak atera. Urteko hirugarren hiruhileko mozkin berriak gaur abiatuko ditu Banestok (+%0,64). Bi egunetan %4 egin du gora indizeak, emaitzekin baikor den seinale. Mapfrek (+%6,44) Brasilen Banco do Brasilekin lortu akordioa ospatu du, baina Santander da burtsako laisterketako Chema Martinez. 3.240 milioiren salerosketak, Behobiaren hazkunderako joera jaso zuen atzo. Ehiztariak berotzen ari dira, eta Korean nahiz Australian interes tasak igo izanak ere animatzen ditu. Baina inoren entrenamenduak nekez egiten dio norberaren sasoiari mesede nabarmenik. Hortaz, emaitzen plazaratzea izango da txip edo epaile nagusi.
Renault.Renaultek (+%3,67) ekoizpena Frantzian manten zezan jaso laguntza eta presioek ez dute erabat beren helburua bete. Espainiako Valladoliden, besteak beste, auto elektriko baten ekoizpena abiatuko duela jakinarazi zuen atzo autogileak.
Pescanova. Pescanova (-%0,45) arrantza eta kontserba enpresak ehun milioiren kapital gehikuntza hasi du. Egun merkatuan dituen 13 milioi akzioek 24,2 euroan amaitu zuten atzo. Sei milioi akzio berri jaulki nahi lituzke, 15,6 euroan, %36ko beherapenarekin.
Fiz edo Anton
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu