ENPRESAK

Formica: Galdakaoko lantegia ixteak ez du atzera bueltarik

Galdakaon duen lantegian produkzioa eteteko erabakian ez duela atzera egingo berretsi du Formicak. Zeelanda Berriko enpresak eskatu die sindikatuei 170 langileren kaleratzeen baldintzak negoziatzeko, prest baitago legeak dioen kalte-ordaina hobetzeko.

Berria.info
2012ko urriaren 4a
22:18
Entzun

Agiri baten bidez, Formicak nabarmendu du erregulazio espedientea negoziatzeko epea datorren asteazkenean bukatuko dela eta ez duela ikusi sindikatuen aldetik negoziatzeko borondaterik. Enpresak dio kaleratzeen legezko ordaina hobetu nahi duela —hogei eguneko soldata lan egindako urte bakoitzeko, hamabi hilabeteko gehienezko mugarekin— . "Arrazoizko eskaintza" egin duela ziurtatu du, eta zenbait langile beste fabriketan koloka ditzakeela. Sindikatuei esan die alferrik ari direla lan itun berriaren negoziazioa eskaintzen, ekoizpena amaitzeko erabakia "irmoa eta behin betikoa" delako. 

Enpresa batzordeak jakinarazi du bost bilera egin dituela zuzendaritzarekin, baina azken horrek uko egin diola bideragarritasun plan batez hitz egiteari. Gainera, bilera horietan konpainiako buruak "harrokeriaz" jokatu duela adierazi dute: "Multinazionalak epaileen gainetik daudela adierazi digu. Saiatu da enpresa batzordeari erakusten ez duela kalte-ordainak onartzea beste aukerarik".

Lan baldintzen eta zuzendaritzak nahi dituen gai guztien inguruan negoziatzeko prest agertu da enpresa batzordea. Akordiorik ez badago,ez dute epaitegietara jotzea baztertzen.

Kaleratzeen aurkako manifestazioa antolatu dute bihar, Galdakaon (19:00, Plazakoetxe).

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.