Formicak Galdakaon duen lantegia ixtea erabaki du

Zuzendaritzak 205 langileetatik 170 kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu du, «merkatuaren eskaerei egokitzeko»Enpresa batzordeak dio «kolpe gogorra» dela, eta argibide gehiago eskatu ditu

Formicako langileak, uztailean egindako protesta batean. BERRIA.
Maite Alustiza.
2012ko irailaren 11
00:00
Entzun
Galdakaoko Formica lantegiak (Bizkaia) eten egingo du 66 urteko ekoizpena. Zuzendaritzaren erabakia irmoa da: lantegia itxi eta 170 langile kaleratzeko erregulazio dosierra aurkeztu du —guztira 205 langile daude—, eta soilik administrazioari dagozkion hainbat lanetarako utziko dute lantegia martxan. Langileek, enpresa batzordeak eta Galdakaoko Udalak itxiera eragozteko egindako saioak ez dira nahikoak izan enpresaren erabakia atzera botatzeko.

Formican dekoraziorako xaflatua egiten dute —2007tik, Fletcher Building taldea da enpresaren jabe—. Zuzendaritzak argudiatu du merkatuaren eskaerei egokitu beharra izan dutela, eta ondorioz, «berregituraketa» bat beharrezkoa izan dela: «Galdakaoko lantegia ez da errentagarria». Hala justifikatu izan du bere erabakia taldeak. Erregulazio dosierraren arabera, aukera dago Galdakaoko langileetako batzuk enpresak dituen beste lantegi batzuetara lekualdatzeko. Langileek, ordea, enpresa ixteko asmoa jakin zutenetik esan dute ez dagoela lantegia ixteko «inongo» arrazoirik, eta behin eta berriro adierazi dute lan karga nahikoa badutela. Ixtea «esperotako» iragarpena zen, baina Formicako enpresa batzordeak uste du «kolpe gogorra» izan dela, eta Jose Luis VelezELAko ordezkariak «itxaropen gutxi» agertu du datozen egunetan gerta daitekeenaren inguruan. Irailaren 13an, hain zuzen, enpresako zuzendaritza bilera bat egitekoa da Eusko Jaurlaritzako, Bizkaiko Aldundiko eta Galdakaoko Udaleko ordezkariekin.Bilera horretan, enpresari talde batek lantegia erosteko izan dezakeen interesa azaldu nahi dio udalak zuzendaritzari, Ibon Uribe Galdakaoko alkateak joan den astean jakinarazi zuenez.

Langileen borroka

ELA sindikatuak ez du besoak gurutzatuta geratzeko asmorik—gehiengoa du enpresa batzordean; LAB eta CCOO ere tartean daude—. Informazio gehiago eskatuko dio zuzendaritzari, uste baitu ez duela dokumentazio nahikoa aurkeztu. Galdakaoko lantegiak duen ekoizpena ez ezik, Europa osoan dituzten lantegiena ere aintzat hartzeko eskatu du Velezek: «Badakigu bezeroak kendu dizkigutela eta orain horiei Europako beste lantegi batzuetatik saltzen ari zaizkiela». Zuzendaritzak dio 2008tik Formicaren salmentak oro har heren bat gutxitu direla.

Ekainaren 28an eman zuen zuzendaritzak bere asmoen berri, eta geroztik, langileak ez dira geldirik geratu. Elkarretaratze eta protestekin batera, enpresa batzordeak lau egunetarako greba deialdia egin zuen uztailerako.Baina, langileak kalera irten arren zuzendaritzak bere asmoei eutsi diela salatu du enpresa batzordeak, beste edozein irtenbideri uko eginez. «Izua zabaltzea» ere leporatu dio, baita langileei haien etorkizunari buruzko argibideak ez ematea ere.

Eteteak Bridgestonen

Bridgestone multinazionaleko zuzendaritzak kontratuak behin-behinean eteteko beste erregulazio dosier bat aurkeztu du Basauriko eta Galdakaoko lantegietarako (Bizkaia). Urritik abendura arte, Basauriko lantegian hilero kontratuak 20 egunean etengo ditu Bridgestonek. Urriaren 5etik 24ra, azaroaren 8tik 27ra eta abenduaren 13tik 30era aplikatuko da dosierra. Asmoa da egun horietan lantegi osoa geldirik ez geratzea; egunero 4.650 pieza egiten dituzte, eta egun horietan 2.000 ekoitziko dira. Galdakaoko lantegian, berriz, 20 egunean kontratuak eteteko dosierra aurkeztu dute; urriaren 19tik 23ra, azaroaren 9tik 13ra eta 23tik 27ra, eta abenduaren 26tik 30era gauzatuko da. Enpresan, pneumatikoak ekoizten dituzte, eta salmentetan jaitsierak izan direla argudiatuta, orain arte indarrean zegoen dosierra zabaltzea erabaki du zuzendaritzak. Txanda guztietan soldaten galera «berdintsua» izan dadin, batzorde batek ikuskaritza lanak egingo ditu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.