Afinsa eta Forum Filatelico enpresen jarduera eten zutenetik lau urte beteko direnean, FAFBizkaiko kaltetuen elkarteak «deitoragarria» deritzo auziaren bilakaerari. Zigor bideko auzibidea geldirik dago eta, merkataritzakoari dagokionez, Forum Filatelico likidatzeko prozesua hasi da, baina Afinsakoa oraindik ez.
Elkarteko ordezkari Juan Ramon Sertutxaren esanetan, familien egoera ekonomikoaren aurkako «atentatua» da eta, aurrezkietan ez ezik, askoren osasunean ere ondorioak izan dituela esan du: «Bost lagunek bere buruaz beste egin dute, eta egoerak eragindako gaixotasun fisikoak zein psikologikoak dituzte askokok».
Kaltetuek, edonola ere, beren aurrezkiak berreskuratu arte borrokari eusteko asmoa dutela berretsi dute Bilbon eginiko agerraldian: «Epaitegietan ez ezik, kalera ateratzen jarraituko dugu». Maiatzaren 8an Madrilen egingo duten manifestaziora deitu dute.
Kongresua eta manifestazioa
Forum eta Afinsa enpresetako bezero izandakoek kongresua antolatu dute Bilbon larunbat honetarako. Besteak beste, Auzitegi Nazionalaren aurtengo otsailaren 5eko epaia aztertuko dute hainbat abokatu eta adituekin. Epaileek ebatzi zuten Espainiako administrazioak ez duela erantzukizunik, 460.000 kaltetuei -20.000 inguru Hego Euskal Herrian-, kalte-ordainak ordaintzeko. Gainera,helegitea 150.000 eurotik gaineko inbertsioa zutenek bakarrik aurkeztu ahal izan dute, «bezeroen %1ek bakarrik», salatu duenez.
Ildo beretik, Espainiako justizian «federik ez» dutela esan du Sertutxak eta, horregatik, Europako epaitegietara joko dute helegiteak agortu ondoren.
Justiziarena ez ezik, beren burua Espainiako Gobernuaren «tratu txarren» helburu sentitu dute Forum-Afinsako hartzekodunek. Irainak ere jasan dituztelaeta, horren harira, «aurreztaileak baino ez» direla gogorarazi nahi dio gizarteari: «Kaltetuen %85ek 20.000 euro baino gutxiago zituzten, ez gara espekulatzaileak».
EAJren jarrerarekin, bestetik, «minduta» daudela esan du, auziak izan zezakeen irtenbide politikoaren aurka bozkatu zuelako.
Forum-Afinsako kaltetuek borrokan jarraitzeko asmoa berretsi dute
Kongresua antolatu dute Bilbon auziaren egoera aztertzeko, eta maiatzaren 8an kalera aterako dira Madrilen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu