TELEKOMUNIKAZIOA

France Telecomek 10.600 milioi eurotan erosiko du Amena

SCHk, Endesak eta Union Fenosak 3.000 milioi euro lortuko dituzte

Erredakzioa
DONOSTIA
2005eko uztailaren 23a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herrian eta Espainian ematen duen zerbitzua erabat osatu nahi du France Telecomek. Wanadoo eta Uni2 abian dira aspaldion, baina orain, sakelako telefoniaren merkatuan sartu nahi du. Hori dela eta, 10.600 milioi euroren trukean Amena erosteko aurreakordioa itundu du Aunarekin.

SCH, Endesa eta Union Fenosarekin negoziatzen jardun da France Telecom. Balio kopuru osoaren %80 inguru eskura dituzte, eta Frantziako komunikazio taldeak prezio erdia akzio trukearekin ordaindu nahi die. Zerga helburuak kaltetuko ez dituen ituna nahi du, baina hiruko taldeak aurreratu duenez, eskudirua nahi dute. Era horretan, 3.000 milioi euroko gainbalioa lortuko dute SCHk, Endesak eta Union Fenosak.Aunako akziodunek France Telecom onartzeak bidea erraztu diezaioke Onori. Aunaren zerbitzu finkoak bereganatu nahi ditu Onok, eta 2.600 milioi euro ordaintzeko prest da. Gauzak horrela, helburua beteko du Aunak, taldea 12.500 milioi euroren azpitik ez zuela salduko azpimarratu baitzuen. Frantziako Gobernuak France Telecomen balioen %34,9 eskura ditu. Euskaltelek Aunaren akzioen %2,13 ditu, eta atzo Berria-ri azaldu zionez, ez dute aldaketarik espero. «Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako merkatuetan jarduteko itunak indarrean jarraituko du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.