Suizidioen enpresa ere deitzen diote France Telecom Orangeri, aurreko bi urteetan konpainiako 60 langilek egin zutelako beren buruaz beste. Zuzendaritzan aldaketak egon dira ordutik, eta giroa lasaitzeko hainbat neurri hartu ditu, Frantziako Gobernuak estututa. Alabaina, kasu berri batek berriro mahai gainean jarri du afera.
57 urteko langile batek bere buruari su eman zion atzo goizean, Merignac herriko lantokiko aparkalekuan, Bordeletik gertu. Lau seme-alaba zituen eta 30 urte zeramatzan enpresan. CGTren arabera, lan baldintzen eraginez erabaki du langileak bere buruaz beste egitea. «Oso gaizki zeraman mugikortasunaren kontuan, eta azken asteotan moralki jasaten ari zen sufrimenduaren lekukoak badaude», adierazi du.
CFE-CGC/Unsa sindikatuko kideek gaineratu dute Didier Lombarden agintaldiko bost urteak «ikara sozialeko» garaiak izan zirela eta oraindik ere ondorioak nabari direla enpresan. 2006tik aurrerako berregituraketa plana jarri zuen martxan hark. 22.000 langile kaleratu nahi zituen, eta lortu ezinezko helburuak jartzen zizkien horretarako. Halaber, behartuta zeuden mugikortasun neurriak onartzera, bai geografikoak, bai lanpostuei lotutakoak.
Presio horrek ekarri zuen suizidio kopuruaren gorakada, eta langile askok lantokia bera aukeratu zuten beren buruaz beste egiteko. Besteak beste, bosgarren solairuko bulegoko leihotik salto egin zuen batek, nagusi berria izango zuela jakindakoan. Bilera batean, bere buruari aiztoa sartu zion beste batek, ehun kilometrora zegoen lantegi batera aldatuko zutela esan ziotenean.
Kasu horiek komunikabideetan edukitako oihartzunak bultzatu zuen France Telecom neurriak hartzera. Behin-behinean bertan behera utzi zuen berregituraketa plana. Didier Lombard zuzendariak eta Louis Wenes haren ondokoak dimisioa eman zuten, eta Stephan Richardek hartu zuen kargua. «Emaitza sozialen» araberako sariak emango zituela iragarri zuen hark, hau da, 1.100 zuzendariei sariak igoko zizkiela, langileek haiei buruz zuten iritzia kontuan hartuta.
«Richardekin hobetu egin da egoera, baina oraindik denbora asko pasatuko da egoera normala izan arte», adierazi dute sindikatuetako ordezkariek. Zuzendaritzak esan du «penatuta» dagoela. «Bide guztiak erabilikoditugu ekintza dramatiko honen arrazoiak ulertzen saiatzeko».
France Telecomeko langile batek bere burua hil du, lan baldintzengatik ustez
Sindikatuek emandako datuen arabera, bi urtean enpresako 60 langilek egin dute beren buruaz beste
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu