Frankfurt ez, Londres

Joseba Barandiaran Andueza.
2009ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Finantza merkatuetako langileek, garai oparoetan, beti hobetsi izan dute Londres, Frankfurt baino. EBZren egoitza da Alemaniako hiria, baina ingelesak onarpen handiagoa du alemanak baino. Puntu laurden, gutxi, uste baino gutxiago, beheratu du interes tasa Trichetek. Londresen, aldiz, G20koek dolarrak barra-barra haizatu zituzten: 500 mila milioi dolar gehiago NDFrentzat (erdia diru propioa jaulkitzeko) eta erabaki adoretsuak hartu beharra behintzat, onartu zituzten. Finantza erregulazioa eta gastu bidezko bultzada eskariari eta, beraz, merkataritzari. %4,69ko igoeraz ospatu zuen Ibex-35 indizeak, gehiegizkoak diruditen igoerekin: %13,68 Gamesa, %10,28 BBVA, %9na pasa Bankinter eta Santander edota %1,85 Edurnezuri. 3.166 milioiren salerosketa izan zen, itzela. Baina G20koen akordioa arretaz aztertzeko denbora beharko da. Zurrumurruarekin erosi eta berriarekin saltzeko joera du burtsak eta, kasu honetan ere, itxura hori du.



Trichetek ez zuen Castilla la Mancharen kasuaz berba egin gura izan. CajaMadrid kutxak estatuaren abalaz bigarren zor jaulkipena egin zuen une berean (beste 2.500 milioi), EBZren buruaren ustez interes tasak gehiago jaits litezke, ez ohiko neurri gehiago ere hartzea posible da, baina Espainiako aurrezki kutxarenak ez du egoeraren gaineko bere iritzi orokorra aldatzen. Higiezinen arazoa ez da Espainian soilik gertatzen. Estatuei Egonkortasun eta Hazkunde plana errespetatzeko eskatu zien, defizita mugatuz eta erreforma aldaketak eginez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.