Frantziak BEZa igoko du, enpresen kotizazioen jaitsiera ordaintzeko

Igoera langile merkeak dituzten herrialdeetako produktuei ezarriko die, baina ez du zehaztu zenbat igoko duenGobernuak udaberriko hauteskundeak baino lehen onartu nahi du neurria

jakes goikoetxea
2012ko urtarrilaren 4a
00:00
Entzun
Enpresek ordainduko ez dutena herritarrek ordainduko dute Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Frantziako Gobernuak enpresei murriztu egingo dizkie Gizarte Segurantzara ordaindu beharreko langileen kotizazioak. Enpresek ordainduko ez duten dirua balio erantsiaren gaineko zerga (BEZ) lortu nahi du. BEZ soziala deitzen diote. Zerga ez diote produktu guztiei igoko, langile merkeak dituzten herrialdeetatik inportatutakoei baizik. Udaberriko hauteskundeak baino lehen onartu nahi dute neurria.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, Mariano Raxoi Espainiakoak egin duen moduan, emandako hitza jan du: ez zuela BEZa igoko esan zuen urrian.

Gobernuko ordezkariek hilabeteak daramatzate esanez Frantzian lanaren kostua handiegia dela eta bertako produktuak ez direla beste herrialde batzuetakoak bezain lehiakorrak. Xabier Bertrand Lan ministroak adibide bat aipatu zuen atzo: Alemanian enpresa batek langileari soldata gordinean ordaintzen dizkion ehun eurotik 39 gizarte kotizazioak ordaintzeko dira; Frantzian, aldiz, ehun eurotik 50. Horregatik, enpresei arindu egingo dizkiete «lanaren gehiegizko kargak», Bertranden esanetan.

Neurria Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak aurreratu zuen, urte amaierako hitzaldian. «Lanaren gaineko presioa arindu behar da».

Frantziako Gobernuak zenbait herrialdetako langile merkeagoei eta herrialde horietako gizarte babes apalagoari egotzi die Frantziako produktuen lehiakortasun falta. Eta baita Frantziako gizarte babesari kalte egitea ere. «Denbora askoan kalte egin diote gizarte babesaren finantzaketari, baina orain ordaintzeko garaia da», Bertranden iritziz.

Enplegua sortu nahi dute

Neurriarekin enplegua sortu nahi dutela nabarmendu zuen atzo Valerie Pecresse Aurrekontu ministroak. Enpresentzat langileak merkeagoak badira, gehiago kontratatuko dituztela edo dauzkatenei eutsi egingo dietela uste du.

Bertako produktuak lehiakorragoak izatea nahi dute, bai langileen kostua merkatuta, bai lehiakideen produktuak garestituta. Ikusteko dago, ordea, kotizazioak merkatuta, enpresek produktuen prezioak ere merkatuko dituzten. Gainera, zenbait herrialdetako lan kostu eta prezio merkeei aurre egiteko, produktu horien prezioak izugarri garestitu beharko lituzke.

Bertrandek eta Pecressek komunikabideen elkarrizketen bidez eman dute egitasmoaren berri. Hala ere, ez dute zehaztasunik aipatu: ez BEZa zenbat igoko duten; ez ze herrialdetako produktuei; ez enpresei kotizazioak zenbat murriztuko dizkieten; ez BEZarekin kotizazioekin baino diru gutxiago biltzen badute zer gertatuko den; ez eta nola aurre egingo dieten erabakiak eragindako legezko arazoei ere.

Legezkotasuna, zalantzan

Ikusi beharko baita Europako Batzordeko Lehiarako komisarioak eta Munduko Merkataritza Erakundeak zer dioten ere, Frantziak herrialde batzuetako eta besteetako produktuei tratu ezberdina emango baitie.

Frantziako Gobernuak urtarrilaren 18an eztabaidatuko du neurria sindikatuekin, Parisen, enpleguari buruzko goi bilera batean. Sindikatuak eta PS neurriaren kontra daude; enpresaburuak, aldiz, gustura, gobernuak aintzat hartu duelako aspalditik egindako eskaera. Medef patronalak BEZaren igoerari buruzko zenbait proposamen egin ditu, egungo %19,6tik %22ra edo baita %25era ere.

Bitartean, Espainian, Luis de Guindos Ekonomia ministroak ukatu egin zuen BEZa handituko dutela. «BEZa igotzea ez dago mahai gainean», esan zuen atzo, bihar onartuko dituzten neurriei buruz hitz egitean. Horrek ez du esan nahi, ordea, aurrerago onartuko ez duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.