Trantsizio energetikoa

Frantziak eta Alemaniak ‘pole’-tik atera nahi dute baterien lasterketan

Auto elektrikoen bateriak garatzeko 3.200 milioi euroren laguntzak baimendu ditu Europako Batzordeak.

Angela Merkel kantzilerra VW taldeko fabrika batean, aurten. FILIP SINGER / EFE
xabier martin
2019ko abenduaren 9a
21:56
Entzun

Inork ez du galdu nahi autogintzaren geroa erabat baldintzatuko duen lasterketa, eta 2019. urteko bigarren zatian bateria berrien teknologia garatzeko egitasmoak ezagutarazi dituzte hainbat eragilek. Azken iragarpena Europako auto irabazleetako bat izateko itxura hartu duen proiektuaren ingurukoa da. Parisek eta Berlinek gidatuta, Europako Batasuneko zazpi kidek babestu dute auto elektrikoen baterien teknologia propioa garatzeko egitasmo hori. Hilabete gutxi barru fabrika bat eraikitzen hasiko dira Nersacen (Frantzia), eta Bruno Le Maire Frantziako Ekonomia ministroak espero du 2022. urterako ekoizten hasiko direla.

Horrela eman zuen jakitera atzo Le Mairek, Peter Altmaier Alemaniako Finantza ministroarekin batera. Ez alferrik Paris eta Berlin dira liderrak Europako beste bost herrialdek diruz babestuko duten proiektuan: Belgika, Finlandia, Italia, Polonia eta Suedia. Denen artean 3.200 milioi euroren diru laguntzak agindu dituzte teknologia europarreko autoen baterien proiektu hori aurrera eramateko.

Europako Batzordearen oniritzia dauka jadanik egitasmoak, eta estatu laguntzak legezkoak izango dira; hortaz, Lehia komisario Margrethe Vestagerrek «estrategikotzat» jo baitu autogintzaren etorkizunerako trakzio garbia garatzea Europan.

Gaur egun, auto elektriko baten kostuaren %40 bateriek finkatzen dute. Asian garatutako teknologiarekin egindakoak dira gehien-gehienak, eta Europako industriaren oinarrizko sektoreak duen mendekotasun egoera handi hori gainditzea gako bihurtu da Batasuneko kideentzat eta auto ekoizle handientzat. Europako autogintzak eta Batzordeak berak aurreikusi dute beste 5.000 milioi euroko aurrekontua beharko dela bateria propioen erronkari behar bezala erantzuteko.

Alemaniaren nagusitasuna

Nersaceko lehen fabrika hori probarako planta bat izango da, eta haren ondoren beste bi zabaltzea jaso du Parisen eta Berlinen arteko akordioak, bata Frantzian eta bestea Alemanian; 1.500 langile inguru ariko dira planta bakoitzean. Frantziako PSA konpainiak eta Alemaniako Saftek osatu dute bateriak garatzeko industria konsortzioa.

Izan ere, Alemanian kokatzen ari dira auto elektrikoen baterien fabrikarik gehienak. Volkswagen taldea hiru lantegi moldatzen ari da jadanik, soilik auto elektrikoak ekoizteko. Horrez gain, AEBetako Tesla konpainiak Alemania aukeratu du Europako bere «gigalantegia» zabaltzeko. Elon Musken konpainiak Atlantikoaren beste aldean duen baterien fabrika handiaren bikia irekiko du Europako autogintzaren merkaturik handienean, baita diseinurako eta ingeniaritzarako beste zentro bat ere.

Edonola ere, Volkswagen taldea egiten ari da apusturik handienetakoa baterien garapenaren alorrean, Europan. Goldman Sach, Ikea eta BMWrekin batera aliantza bat egin du, Suediako Northvolt konpanian 900 miloi euro baino gehiago inbertitzeko.
Asiak duen nagusitasuna txikitzeko saioak dira guztiak, baina Txina bera Europara iritsi da autoen bateriak ekoiztera. Hungarian, Polonian, Espainian ala Euskal Herrian zabalduko dute azpiegitura berri bat, inbertsioa handia eginda. Azken informazioen arabera, Poloniak eta Hungariak daukate aukerarik handien.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.