François Fillon Frantziako lehen ministroak Greziari esan dio argitu dezala eurogunean segitu nahi duen. "Azkar eta anbiguotasunik gabe esan dezala eurogunean leku bat izaten jarraitu nahi duen", adierazi du Fillonek.
Munduko hainbat liderrek goi-bilera egingo dute gaur arratsaldean, G20ren bileraren bezperan, Giorgios Papandreu Greziako lehen ministroak herenegun murrizketak onartzeko erreferenduma iragarri ostean. Angela Merkel Alemaniako kantzilerra, Nicolas Sarkozy Frantziako presidentea, Christine Lagarde Nazioarteko Diru Funtseko arduraduna, Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordekoa, Jean-Claude Juncker eurogunekoa, Herman van Rompuy Europako Kontseilukoa eta Europako Banku Zentraleko beste bat bilduko dira.
Bi saio egingo dituzte, eta bigarrenan Papandreuk berak parte hartzea espero da, gauean. Greziako lehen ministroak atzo esan zuen nazioarteko bere sozio guztiek bazekitela bere asmoen berri, baina horiek euren desadostasuna agertu dute neurriarekiko. Sarkozyk esan zuen herriari hitza ematea zilegi dela, baina aldi berean azpimarratu zuen murrizketen programa zorraren arazoari irteera bat emateko "modu bakarra" dela. Eliseoan egin zituen adierazpen horiek Sarkozyk, hain zuzen, G20 gaur elkartuko den tokian.
Burtsek atzo beherakadarekin erreakzionatu zuten erreferendumaren erabakiaren aurrean.
Zorraren erdia barkatzearen truke, murrizketa gehiago
Euroguneko lehengo asteko akordioaren arabera, Greziari zorraren erdia barkatuko diote, beste 130.000 milioi euro emango dizkiote, baina murrizketa gehiagoren truke: pribatizazioak, enplegu publikoa murriztu, soldaten jaitsiera, gastua gutxitu.... Eta bankuak nazionalizatu beharko lituzke.
Papandreu lehen ministroak ez du zehaztu herri galdeketa noiz egingo duten. Esan du, ordea, herri galdeketaren emaitza onartuko duela. Badaki herritar gehienak hartutako neurrien kontra daudela, baina orain arte ez die iritzirik eskatu. Aurten bost greba egun egin dituzte Grezian.