Ekonomia

Frantziak igo egingo ditu zerga batzuk eta aurreratu egingo du erretretaren atzeratzea

Francois Fillon lehen ministroak esan du BEZ txikiko igoerak ez diela eragingo elikagaiei. Gobernuak lau urtean 100.000 milioi euro aurrezteko plana aurkeztu du.

2011ko azaroaren 7a
18:36
Entzun

Francois Fillon Frantziako Gobernuko lehen ministroak lau urtean 100.000 milioi euro aurrezteko plana aurkeztu du gaur eguerdian Parisen. 2016ari begira estatuaren finantzaketan oreka lortzea du helburu gobernuak eta, horretarako, beste neurri batzuen artean, zerga batzuk igo egingo ditu eta aurreratu egingo du aurten onartu duen erretreta hartzeko adinaren atzeratzea. Horrez gain, gizarte laguntzak eta etxebizitza erosteko laguntzak murriztuko ditu.

Frantziako BEZ tasa normalak %19,6an segituko du. 'BEZ txikia' deiturikoa %5,5etik %7ra igoko du gobernuak, baina Francois Fillon lehen ministroak esan du igoerak ez diela eragingo elikagaiei. 

Erretreta 62 urterekin hartzeko neurria 2017. urtera aurreratuko dute, eta 4.400 milioi euro aurreztea espero dute. 1952 eta 1956 urteen artean jaiotakoek hilabete bat gehiago egin beharko dute lan, aurrerapenarekin. Presidenteak eta ministroek euren soldatak ere murriztuko dutela nabarmendu du Fillonek.

Sozietate zerga ere ukituko du planak, eta urtean 250 milioi euro fakturatzen dituzten enpresek behin-behinean %5 ordainduko dutela iragarri du Fillonek. Estatuak gastu publikoa murriztuko du, eta guztira datorren urtean 1.500 milioi eurokoa izango da murrizketa. 1945etik Frantzia urte batetik bestera aurrekontua jaitsiko duen lehen aldia izango da.

Lau hilabetean Frantziak aurkeztu duen bigarren aurrezte plana izan da gaurkoa. Abuztuan iragarri zuen planean 11.000 milioi euro aurreztea espero zuen gobernuak. Hazkunde iragarpena jaitsi egin da %1,7tik %1era, eta Fillonek gaur esan du kiebra egitea ez dela ezinezko aukera. Horrekin argudiatu ditu gaur aukeztutako plana. Neurriak eredugarriak direla gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.