Frantziako Gobernuak datorren asteazkeneko Ministroen Kontseiluan onartuko du 2013an gazteentzako lanpostuak sortzeko plana. 150.000 lanpostu sortu nahi dituzte, behin-behinekoak, baina urtebete eta hiru urte artekoak. «Etorkizuneko lanpostuak» deitu diete. «Gazteen prestakuntza eta laneratzea hobetu nahi dugu», esan zuen atzo Michel Sapin Lan ministroak, «benetako lana eskaini nahi diegu». François Hollande presidentearen hauteskundeetako konpromisoetako bat da.
Horretarako laguntzak emango dizkiete enpresei eta kontratatzaileei, gazteak kontratatzeagatik. Frantziak 4,3 milioi langabe ditu. 25 urtetik beherako 400.000 gaztek oraindik ez dute lehenengo lanpostua lortu.
Frantziako Gobernuak diru asko gastatu beharko du gazteen laneratzea hobetzen, «baina 2013rako lehentasunetako bat da», nabarmendu zuen Sapinek. Hala ere, ziurtatu zuen Frantziak beteko duela Europako Batasunak ezarritako defizit helburua, barne produktu gordinaren (BPG) %3koa datorren urtean.
Premiazko neurriez gain, erreforma sakonak ere onartu behar direla nabarmendu zuen Sapinek. Ez zuen zehaztu zein, baina bai erreforma sakon horien helburua zein izango den: «Dirua lortzea gizarte babesa ordaintzeko, baina enpresen nazioarteko lehiakortasuna zigortu gabe».
Frantziak laguntzak emango ditu gazteak kontratatzeagatik
150.000 lanpostu sortu nahi ditu 2013an gazteentzat, urtebete eta hiru urte arteko kontratuekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu