Frantziako ekonomia %0,3 jaitsi da aurtengo bigarren hiruhilekoan

Esportazioak %0,6 murriztu dira, eta etxeetako kontsumo gastuak ere %0,2 egin du behera

Erredakzioa
2003ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Frantziako Estatistika Erakunde Nazionalak(INSEE) egindako kalkuluen arabera, Frantziako BPG, ezustean, lehenengoarekin alderatuta, %0,3 jaitsi da azken hiruhilekoan. Urteko lehen hiruhilekoan, ordea, %0,2ko igoera eduki zuen. Ziurrenik, BPGn%0,1eko beherakadak eragina izango du eurogunean bigarren hiruhilekoaren emaitzan. INSEEk lehenengo hiruhilekoan iragarritako hazkundea %0,3tik %0,2ra pasatu da.

Herrialde bat atzeraldi ekonomikoan sartzen dela esaten da, ondoz ondoko bi hiruhilekoetan BPG jaisten denean. Oraingo kasuak Alemania, Italia eta Herbehereak dira.

Frantziak, beraz, %0,1eko hazkunde ekonomikoa eduki du urteko lehenengo sei hilabeteetan. INSEEk zalantzan jartzen ditu Gobernuaren aurreikuspen ofizialak (%1,3ko zifra aurreikusita zuten urte osorako).

2003ko bigarren hiruhilekoan, Frantziako etxeetako kontsumo gastuak %0,2 jaitsi ziren, eta honek BPGren hazkundean %0,1eko eragin negatiboa eduki du. Jean-Pierre Raffarinen gobernu berriak, Frantziako ekonomiaren hazkundea laguntzeko asmoz, zergak jaitsi zituen, hala etxeetako kontsumoa igo zedin. BPG jaistearen beste arrazoietako bat, INSEEren arabera, esportazioen gutxitze iraunkorraizan da; %0,6 jaitsi dira, lehenengo hiruhilekoan %1,8ko jaitsiera izan ondoren. BPGren hazkundean kanpo merkataritzaren ekarria %0,2 murriztu da.

Honen ildotik, Europako Batzordeak euroa erabiltzen duten hamabi herrialdeetako ekonomia gelditu egin dela adierazi zuen. Frantzia, epealdi horretan, Alemania eta Italiarekin batera, hazkunde negatiboa jasaten duen Europako Batasuneko hirugarren herrialde handia da. Herbehereek ere hazkunde tasa negatiboa eduki dute apiriletik ekainera bitartean. >

Alemania eta Italian ere bai

Alemaniako ekonomiak atzeraldian jarraitzen du. Aurreko urtearekin konparatuz, bigarren hiruhilekoan %0,6 jaitsi da, eta aurtengo lehenengoarekin, berriz, %0,1. Iazko urtarriletik martxorako tartea hartuz gero, Alemaniako BPG %0,2 jaitsi da. Iaz ere, epe horretan atzerakada izan zuen. Modu honetan, Alemania bi hiruhilekoz jarraian atzeraldian gertatu da. Jarduera ekonomikoaren beherakada uler daiteke esportazioen jaitsiera inportazioena baino handiagoa izan delako.

Italia, berriz, 1992az geroztik atzeraldian sartu da lehen aldiz. BPG %0,1 jaitsi da bigarren hiruhilekoan lehenengoarekin alderatuz (epe horretan ere %0,1 jaitsi zen).

Datu hauek zaildu egiten dute Italiako Gobernuaren aurreikuspena betetzea. BPGren %1,1eko hazkundea espero baitu urte osorako. >

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.