Frantziako gizon aberatsenak gasolina bota dio suari
Enpresaburu handi askok gerra deklaraziotzat jo dute aberatsenek %75eko errenta zerga pagatu behar izatea. Matxinadaren ikurra Bernard Arnaultda, Frantziako pertsonarik aberatsena, LVMH luxuzko produktuen enpresako akziodun nagusia, eta UMP eskuindarraren jarraitzaile amorratua. Arnaultek gasolinari sua bota dio, iragarri baitu Belgikako herritartasuna ere hartu nahi duela. Erabaki horren atzean zerga gutxiago pagatzeko saioa dagoela sutsuki ukatu behar izan du, eta bere negozio pribatuengatik egin duela ziurtatu du. Iaztik Bruselan ere bizi den arren, Frantzian pagatuko ditu zergak aurrerantzean ere, irabazi gehienak han dituelako. Mihi gaiztoek diote, ordea, Belgikako herritartasunarekin errazagoa izango zaiola helbidea Monakon jartzea eta zergarik ez pagatzea. Belgikarrek ez bezala, frantziarrek Frantziako zergak ordaintzen dituzte printzerri txikian. Arnaultek salaketa jarri dio Liberation egunkariari, atzoko azalean haren irudiarekin «Ospa, aberats zikina!» titulua jarri zuelako, Sarkozyren ateraldi batean oinarrituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu