Ikasketa gutxiko edota ikasketarik gabeko gazteentzako 150.000 lanpostu diruztatuko ditu Frantziako Gobernuak ondoko bi urteetan. Horietarik 100.000 datorren urtean aurkeztuko dira. Geroko enpleguak (Emplois d´avenir)deitu neurria aurkeztu zuen atzo Michel Sapin Lan ministroak Ministroen Kontseiluan. Irailaren 10etik aitzina aztertuko dute lege proiektua Parlamentuan, 2013 hastapeneangauzatzeko.
Bazterturiko baserri guneetako eta zailtasunetan diren auzoetako 16 eta 25 urte arteko gazteentzat izanen dira lanpostuak. Izan ere, horiek dute lana lortzeko zailtasun gehien, eta 500.000 inguru dira. Urtebetez, bi urtez ala hiru urtez, gazteen soldataren %75 bere gain hartuko du estatuak. Gehienetan, denbora osoko kontratu mugagabeak edota hiru urteko hitzarmen mugatuak izan beharko dira.
Urtero 1.500 milioi euroko kostua aurreikusi dute neurri horrentzat. 2013. urteko aurrekontuan, 2.300 milioi euro erabiliko dituzte geroko enpleguentzat.
«Lehen esperientzia profesional bat ukaiteko baldintzak dakartza geroko enpleguak», Sapinen hitzetan. Hain zuzen, zehaztu duenez, gerora iraungo duten lanpostuak sortuko ditu neurri horrek. Hala ez bada, gazteak gaitasunak eskuratuko ditu esperientzia profesional horren bidez, eta aukera gehiago eskainiko dizkio ondotik lan munduan jarraitzeko edota prestakuntzara bideratzeko.
Estatuaren laguntza, haatik, hori ez da enplegu guztientzat izanen: sektore publikoko edota elkarteen munduko enpleguei zuzenduko zaie. «Geroko jardueretan edo baliagarritasun soziala duten jardueretan» zentratuko da, hala nola gizarte arloan, soziosanitarioan, teknologia berrietan, turismoan eta garapen iraunkorrean. 18.000 postu hezkuntzarako izanen dira. Udaletxeetan, ospitaleetan, ikastetxeetan eta gizarte erakundeetan lan egingo dute. Sektore pribatukoek ere eskuratu ahalko dute laguntza, baina neurri ahulago batean. Salbuespena izango dira.
Sektore pribaturako datorren astean proposatuko dute belaunaldi kontratua deitua: 55 urtetik gorako langileek langile gazteei erakustea. Helburua diru publikoan oinarrituta 500.000 lanpostu sortzea da. Gazteak kontratatzea eta eskarmentua duten langileek lanpostuari eustea.
Neurri «eskasa», luzaroan
Nahiz behar gorriko neurri gisa «goresgarria» izan, luzera begira neurri «eskasa» dela diote sindikatuek. Prestakuntzari begira proposamenik ez dela deitoratu dute. «Kualifikazioa dakarren prestakuntzarako beharrezkoak dira, gazteek luzera begirako lanpostuak lortu ahal izateko»,CGT sindikatuaren arabera. Medef enpresaburuen sindikatua ere ez da asebeterik agertu.
Belaunaldi prekarioa deitu mugimenduaren arabera, «tirita bat» besterik ez da. Nahiz eta aitortu duen zailtasun handiko guneetako gazteei on egingo diela, «luzera begira» neurri hori «eskasa» dela diote, «autonomoa izateko, gazteak enplegu bideragarria eta behar bezala ordaindutakoa beharrezko duelako».
Oposizioan dagoen UMP alderdiaren irudiko, hitzarmen mota horiek«zaharkituak» dira. Hala eta guztiz ere, eskuineko diputatu batzuek alde bozkatuko dutela jakinarazi dute.
Ikasketarik gabeko edo ikasketa gutxiko gazteen %40 daude langabezian Frantzian. Uztailean berean, 10.000 gazte gehiagok eman zuten izena enplegu zerbitzuan. Urtebetean langabezia tasa %8,5az igo da, eta lautik gazte bat dago lanik gabe. Enplegua «agintaldiko lehen apustua» dela jakinarazi du Najat Vallaud-Belkacem gobernuaren bozeramaileak.
Frantziako Gobernuak gazteentzako 150.000 lanpostu diruztatuko ditu
Ikasketa gutxiko 16 eta 25 urteko arteko gazteek elkarteetan eta sektore publikoan lan egingo dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu