LAN KODEAREN ERREFORMA

Frantziako lan kodearen erreformari ezezko biribila emango diote gaur ikasleek

Asanblea Nazionalak ekin dio erreformari buruzko eztabaidari: talde parlamentarioek 1.000 zuzenketa baino gehiago aurkeztu dituzte. Enplegu ministroak irekita utzi du moldaketak egiteko atea. 18:00etan, elkarretaratzea egingo dute Baionan.

Eguerdian Parisen eginiko protestak parez pare jarri ditu manifestariak eta poliziak, eta istiluak izan dira. ETIENNE LAURENT, EFE
Oihan Vitoria.
2016ko apirilaren 5a
18:28
Entzun

Frantziako Gobernuak parlamentura igorritako lan kodearen erreformaren kontra protesta egitera deitu dute gaurko ikasle erakunde nagusiek Frantzian eta Ipar Euskal Herrian. Lan merkatua malgutzea da Enplegu ministroaren abizenaz bataiatutako erreformaren xedea, baina asko dira begi txarrez ikusten dutenak. Gaur ere manifestazioak eta elkarretaratzeak egingo dituzte, lan kode berrituak prekaritatea ugaritzen, langileen eskubideak bortxatzen eta nagusiei botere gehiegi ematen diela salatzeko.

Erreforma indarrean sar ez dadila eskatzeko, zenbait unibertsitate eta institutu "blokeatuta" itzartu dira, eta arrastian ere segida izango dute protestek. Baina ikasleak bakarrik ez. Langile sindikatuak ere haserrarazi ditu lan kodearen erreformak, eta gaurko mobilizazio egunera batu dira. CGT, FSU eta FO, esaterako, karrikara aterako dira berriz erreformaren aurka: Baionako Herriko Etxearen aitzinean elkarretaratzera deitu dute 18:00etarako.

Ez du atzera egingo

Parisen, berriz, 13:30ean abiatuko da martxa. Eguerdirako deitutako protestak parez pare jarri ditu manifestariak eta poliziak; istiluak eta atxiloketak izan dira. Heldu den larunbaterako ere mobilizazio bateratua antolatu dute ikasle erakunde eta sindikatuek. Lehenago, ordea, hitzordua dute Myriam El Khomri-rekin. Frantziako Enlegu ministroak zenbait ikasle erakunde hartuko ditu bihar, erreformaz eztabaidatzeko. Moldaketak egiteari atea itxi ez badio ere, El Khomrik aurreratu du ez duela atzera egiteko asmorik.

Mobilizazio soka luze baten azken muturra da gaurkoa. Erreforma tramitera onartu zuten egunean ere, liskarrak izan ziren Parisen ikasleen eta polizien artean. Joan den ostegunean, 3.500 lagun bildu ziren Baionan lan kodea aldatzeko lege proiektuaren kontrako protesta egunean. Parisko Errepublika Plaza bilakatu zen horren guztiaren ikur: ehunka lagunek plaza hartu, eta bost egun daramatzate han kanpatuta. Suminduen Nuit Debout (Gauez zutik) mugimendua, oro har, indartzen ari da apurka-apurka, Frantziako 27 hiritara hedatzeraino. Martxo hasieran ere egin zituzten egitasmoaren aurkako protestak, eta manifestazio jendetsua egin zuten orduan Lapurdiko hiriburuan.

Eztabaida, gaur

Iragan astetik bidean da François Hollanderen bost urteko agintaldiko azken erreforma ekonomiko nagusia. Lan merkatua malgutzen duen El Khomri legea aztertu eta Asanblea Nazionalera igorrita, gaur dira martxan jartzekoak hura eztabaidatzeko prozesua. Aurretik, halere, bide zaila du, oztopoz beterikoa, talde parlamentarioek 1.000 zuzenketa baino gehiago aurkeztu baitituzte erreformaren aurka. Erreforma motz geratu dela uste duenik ere bada, alabaina. Sindikatu erreformisten babesa eskuratzeko, gobernuak zenbait aldaketa egin dizkio hasierako proiektuari: besteak beste, ez ditu inposatuko kaleratzeengatik gehienezko kalte-ordainak —aholkatu baizik ez—, eta enpresek ezingo dute lanaldia moldatu langileen ordezkarien itunik gabe.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.