Datorren astean Fagor Etxetresnen filialaren lantegiak ateak irekiko dituzte berriro jarduerarekin hasteko. Administratzailearen mugimendu estrategikoa da asteartean bertan gauzatuko dena —lehenik planta bakar batean, Vendomen—, lantegiak erosteko ustez dauden eskaintzen aurrean denbora irabazteko.
Urriaren 14tik ordaintzeari utzi zion Frantziako etxetresna egileak, eta likidazioari iskin egiteko denbora agortua zuen jadanik. Atzo bukatu zen enpresa erosteko epemuga, baina hura hilabete luzatzeko eta inbertitzaileei beta gehiago emateko lantegien ateak zabaltzea erabaki dute konpainiaren arduradunek, administratzaileek eta erakundeetako agintariek.
Frantziako lau lantegietan —Aizenay eta La Roche-sur-Yon (Vendee departamenduan) eta Vendome (Loir et Cher) eta Saint Jean de la Ruelle-Orleansen (Loiret)— 1.800 langilek ziharduten haiek itxi aurretik. Ez dituzte denak deituko lanpostura, ordea. 400 bat baizik. Haiek ere ez dute, gainera, enplegua luzaroan bermaturik izango, fagorBrandten geroa inbertitzaileen eskaintzaren araberakoa baita derrigorrez. Konpainiaren arduradunek eta Frantziako Gobernuak diote baietz, badira erosle izan nahi dutenak, baina konfidentzialtasuna gorde behar dutela.
FagorBrandtek biltegian dituzten produktuak berme gisa hartuta bankuek eta Frantziako Gobernuak maileguak eman dizkio enpresari, guztira 15 milioi euro jarduerarekin jarraitu ahal izateko inbertitzale salbatzailearen zain dauden bitartean.
Hilaren bostean bezeroen eskaerei erantzuten hasi zen FagorBrandt biltegian zuen stockarekin, eta horri esker Eguberriak baino lehen sinatutako kontratuekin bete ahal izango du konpainiak. Ekoizpena asteartean hasiko da, dena den. Vendomeko lantegian gas sukaldeak eta bitrozeramikak egiten hasiko dira, eta biharamunean beste hiruretan abiatuko da jarduera, mikrouhinekin, garbigailuekin eta labeekin.