Datorren ostegunetik eginen dute Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) aurkako epaiketa, Baionan, ordurako deitu baitu prokuradoreak, Frantziako Estatuaren izenean, Mixel Berhokoirigoin Laborantza Ganberako lehendakaria Lapurdiko hiriburuko auzitegira, eta EHLGk abokatuetako bat Corinne Lepage Frantziako Gobernuko ministro ohia ukanen du.
1995etik 1997ra arte izan zen Frantziako Ingurumen ministro, eta azkenaldian helarazia zion bere sustengua Laborantza Ganberari. 1975etik ari da abokatu lanetan, eta gaur egun Paris eta Bruselako auzitegiei lotua da.
Berhokoirigoinek, Lepage ez ezik, Jean Rene Etxegarai -zuzenbide publikoan aditua- eta Joseph Montier -baserri munduko zuzenbidean aditua- izanen ditu abokatu.
Horretaz gain, herritarren eta hautetsien sostengu zabala izanen du. Gaur ere ikusi da hori. Izan ere, Baionako Lana Boltsara EHLGren ehun bat sostengatzaile azaldu dira. Andde Darraidou Ezpeletako (Lapurdi) auzapez ohiak iragarri duenez, mila hautetsik izenpetu dute Laborantza Ganberak bizirik eta lanean segitzea eskatzen duen testua.
Lehengo astean Euskal Herriko 139 eragilek adierazi zioten EHLGri atxikimendua, Donostian egindako agerraldian.
EkoNOMIA
Frantziako ministro ohi bat izanen da Laborantza Ganberaren abokatuetakoa
Besteak beste, Corinne Lepage Ingurumen ministro izandakoak defendituko du Mixel Berhokoirigoin EHLGko lehendakaria. Honek ostegunerako du hitzordua, Baionako Auzitegian. Herritarrek eta hautetsiek gaur ere sostengatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu