Zergak

Frantziako Ogasunak hileko nominan egingo ditu errenta zergaren atxikipenak

Datorren urteko urtarrilean jasoko dute Ipar Euskal Herriko soldatapekoek lehen nomina atxikipenduna.

Emmanuel Macron Frantziako presidentea. NILS MEILVANG
xabier martin
2018ko irailaren 5a
07:24
Entzun

Frantziako Gobernuaren aspaldiko proiektua zen errenta zergaren sistema aldatzea eta Europako herrialde gehienetan aplikatzen dena bere egitea. Emmanuel Macronek boterea hartu zuenean, 2017ko maiatzean, iragarri zuen urtebete atzeratuko zuela sistema berria ezartzeko data. Proiektua bazterrean utziko zuela ere zabaldu zen, baina ez. Parisek iragarri du urtarrilean abiaraziko duela errenta zerga jasotzeko sistema berria, hilero atxikepenak egiten dituena alegia, Hego Euskal Herrian egiten denaren parekoa.

Enpresek beren soldatapekoen nominetan egingo dituzte errenta zergari dagozkien atxikipenak, baina Macronen gobernuak beste neurri bat hartuko du atxikipen aurreratuak konpentsatzeko: zergadunek ogasunaren txeke bat jasoko dute urtarrilaren 15ean, azken ikasturtean izan zituzten kenkari eta hoberien balioaren %60ko kopuruarekin. Horrela, zergadunek dirua aurreratu behar izatea saihestu nahi du ogasunak. "Ez da galtzailerik egongo, eta positiboa izango da lehen kolpe psikologikoa, urtarrilaren 15erako konpentsazioak jasoko baitira", esan du Ogasun ministro Gerald Darmaninek.

Sozietate zerga, behera

OCDE Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Erakundeko herrialdeetan oso modu nabarmenean egin du behera sozietate zergaren tasak, enpresen mozkinak zergapentzen dituen zergak, alegia. OCDEk argitaratu duen txosten batek islatzen du sozietate zegaren tasa %32,5 zela batez beste 2000. urtean, eta 2018. urtean %23,9 dela. Erakundeak dio ez dagoela oso kezkaturik, tasa jaitsi duten herrialde gehienetan  "sozietate zerga handia" zegoelako.

Aurreko urtean zortzi estatuk jaitsi zuten enpresei eragiten dien zergaren tasa, eta batez beste 2,7 puntuko jaitsiera egin zuten. Aurten, beste zortzik jaitsi dute, batez beste 4,8 puntu. 2018. urteko aldaketa esanguratsuena AEBetan gertatu da. %38,9ko tasa %25,75era jaitsi du Donald Trumpen administrazioak.

2000. urtetik OCDEko kide guztiek jaitsi dute sozietate zerga, Txilek salbu. Tasa txikiena Hungariak dauka, %9 hain zuzen, eta handiena Frantziak, %34,43. Azken urtean sozietate zergaren tasa behera eraman dutenen artean daude Frantzia bera, Belgika, Japonia, Luxenburgo, Norvegia eta Suedia. Argentina ez da OCDEko kide, baina erakundeak islatu du han ere behera eraman duela tasa Macriren gobernuak.

Txostenaren arabera, sozietate zerga %25etik beherakoa da OCDEko 38 herrialdeetatik 22tan. Bada, 2000. urtean, soilik sei herrialdetan zen %25 baino apalagoa. Hego Euskal Herrian ere %25eko tasa baino txikiagoa da sozietate zergan; EAJk, PSEk eta PPk onartu zuten erreforma fiskalak %24ko tasa finkatu zuen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.