Frantziako Senatuak ere ontzat hartu du igandeko lana baimentzeko legea

Ikusteko dago Ipar Euskal Herriko zein herritan ezartzen den, izaera turistikoaren menpe baitago

Erredakzioa
2009ko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Frantziako Parlamentuak behin betiko onartu du Ipar Euskal Herriko hiri eta herri turistikoetan igandea ere lanegun arrunta izatea baimentzen duen legea. Frantziako Alderdi Sozialistak iragarri du Auzitegi Konstituzionalera eramango duela, legeak «desberdintasunak sortuko dituelako soldatetan eta lurraldeen artean». Izan ere, aurrerantzean igandeko lanorduak ez dira derrigorrez asteko beste edozein egunetakoak baino gehiago ordainduko, eta lanaldi arteko atsedenak gutxituko dira.

Parlamentuko azken tramitean, Senatuko bozketan, ozta-ozta egin zuen aurrera legegaiak. 165 senatarik aldeko botoa eman zuten, eta 159k, berriz, aurkakoa. Eskuineko senatari batzuek legearen kontrakoa botoa eman zuten, legea UMPk bultzatutakoa izan arren.

Legearen aplikazioa bera ere ez da erraza izango. Izan ere, legeak dio hiri handietan -Paris, Lyon eta Marseilla soilik- posible izango dela igandez ere saltokiak irekitzea, baina baita «gune turistikoetan ere».

Orain arazoa da jakitea zer den zehazki herri turistikoa. PSk esan du turismoaren kodearen barruan dauden 6.000 udalerriri eragin diezaiokeela. Xavier Darcos Lan ministroak, ordea, erantzun du lan kodearen araberako sailkapena erabiliko dutela, eta horretan 600 hiri eta herri daudela.

Ipar Euskal Herrian zehazki zenbat udalerriri eragingo dien ez dago, beraz, batere garbi. Litekeena da Lapurdiko kostalde osoari eragitea, baita Donibane Garaziri ere.

Baiona eta Angelu

Baionako hautetsi sozialistek atzo gogorarazi zutenez, Pirinio Atlantikoetako prefetak «udalerri turistiko» izendatu zuen ekainean Lapurdiko hiriburua, eta, horregatik, uste dute hor ere ezarriko dutela. Sozialisten arabera, neurriak kalte handia egingo die «herritar gehienei», saltokietan lan egiten dutenei ez ezik, haien senideen familia bizitzari ere eragingo dielako. Kultur eta kirol bizitzari ere ez diolaonik egingo salatu dute, jarduera horietan aritzen diren askok aurrerantzean lan egin beharko dutelakoan baitaude.

Jean Espilondo Angeluko auzapez sozialistak gaur jakinaraziko du bere iritzia. Hura da Lapurdiko kostaldeko PSko alkate bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.