Multinazional handiak eta zerga eskandaluen loturak ez du etenik. Teknologiako erraldoiekin izandako auzi sonatuaren ostean, Frantziak McDonald's hanburger katea dauka jomugan orain. 2009tik ogasunari 2.200 milioi euro ezkutatu dizkiola susmatzen du. AEBetako enpresak Suitzan eta Luxenburgon dituen adarretara desbideratu zuen zergen diru hori guztia, Parisek uste duenez.
Hala dio gaur L'Expansion astekariak. Urtero 330 milioi eta 650 milioi euroren artean pagatzeari izkin egin dio McDonald'sek Frantzian, BEZaren eta irabazien gaineko zergaren atalean. Ogasun ministro Bernard Cazeneuveri zuzenean galdetu diote auziari buruz, baina hark ez du berretsi informazioa. Hala ere, argitu du kasuaren inguruan ezin zuela informaziorik eman, "sekretupean" dagoelako. Iruzurraren aurka "errukigabeak" izango direla ere erantsi du.
L'Expansion-ek dio 2013ko urriaren 15ean Frantziako Ogasuneko agenteek McDonald'sek Guyancourten (Paris) duen egoitza miatu zutela, Versaillesko Auzitegiak hala aginduta. McDonald'sek 1.300 jatetxe ditu Frantzia osoan; 2013an, 4.350 milioi euro fakturatu zituen.
AEBetako konpainiak gezurtatu egin ditu salaketak. "Bere diru sarreren arabera dagozkion zerga guztiak Frantzian ordaintzen ditugu", ziurtatu du Alexis Bourdon McDonald's Franceko lehendakariordeak. Haren datuen arabera, 2009az geroztik mila milioi eurotik gora ordaindu ditu sozietate zergan, beste mila milioi euro inbertitu ditu eta 15.000 lanpostu sortu.