Negoziazioetan enpresen ordezkariek kaleratzeak errazteko eta malgutasun handiagoa ezartzeko eskatzen zuten, eta langileen ordezkariek, berriz, lan kontratu prekarioak gutxitzeko, haien gaineko zergak igota. CGT eta FO dira erreformaren aurka agertu diren sindikatuetako bi —beste hiruk akordioa sinatzea "gomendatu" dute—. Medef enpresaburu handien elkartea pozik agertu da emandako pausoarekin.
Akordioak behin betiko onarpena izan dezan, gehiengoaren babesa beharko du bost sindikatuen artean. Hurrengo astean espero da hitzarmena ofizialki sinatzea.
Frantziako Gobernuak eskatuta hasi zuten negoziazioa patronalak eta sindikatuek. Parisko gobernuak 2012a amaitu arteko epea eman zien gizarte eragileen erreforma hitzartzeko, eta akordioa ez bazegoen aldaketak bere kasara egingo zituela iragarri zuen.
Frantziak hiru milioi langabetik gora ditu, eta François Hollande presidenteak behin baino gehiagotan hitzeman du hemendik urtebetera goranzko joera hautsiko duela. Hollandek eragileen arteko elkarrizketen "arrakasta" nabarmendu zuen atzo iluntzean.